Santiago Auserónen Juan Perro taldearen kontzertua hilaren 25ean Principal Antzokian

Santiago Auserón. /  HERREROS
Santiago Auserón. / HERREROS

Boloa 20:30ean izango da eta sarrerak interneten eros daitezke, 12 eta 24 euro artean

PAUL PICADO VITORIA.

Juan Perro taldearen kontzertua izango da maiatzaren 25ean, Gasteizko Principal Antzokian. Santiago Auserón buru duen taldeak 20:30ean joko du antzokian, eta kontzertuak gutxi gorabehera ordubete eta erdiko iraupena izango du. Kontzerturako sarrerak Interneten eros daitezke, 12 eta 24 euro artean.

Santiago Auserón Zaragozan jaio zen abeslari eta konpositorea da, eta Radio Futura talde ospetsuaren konpositore eta abeslaria izan zen 1979. urtetik 1992. urtera. Harrezkero bera bakarrik aritu da Juan Perro taldearekin. Baina musikaren munduan sartu aurretik Filosofia ikasi zuen unibertsitatean, eta filosofiaren eta musikaren arteko harremanak ikertzen ibili da.

Zenbait irratik eta aldizkari adituk diotenez, 80ko hamarkadako Espainiako talderik onena izan zen Radio Futura, eta RNE irratian 2004. urtean egindako bozketa baten arabera, azken 25 urteetako Espainiako talderik onena ere bai. Guztira, bost lan kaleratu zituen, azkena 1990. urtean, 'Veneno en la piel' izenekoa. Disko honekin arrakasta handia lortu zuen, eta handik bi urtera taldea desegin zen.

1993. urtean Juan Perro taldea sortu zuen eta handik hiru urtera lehen diskoa grabatu zuen, 'Raíces al viento' izenekoa, La Habanan. Juan Perro taldean rock, jazz, flamenko eta son estiloetako musikari ospetsuak aritzen dira normalean kolaboratzaile gisa, eta Auserón bera beste artista batzuekin ere aritu da, hala nola Compay Segundo, Kiko Veneno, Raimundo Amador, Carlos Cano, La Barbería del Sur eta Malveje taldearekin.

Zenbait urtetan etenda egon zen taldea, baina bitartean beste musika-proiektu batzuetan parte hartu zuen Auserónek. Esaterako, 'Las Malas Lenguas' izeneko diskoa grabatu zuen Luis Auserón bere anaiarekin. Lan horretan, rock eta soul estiloko abesti klasikoen bertsioak egin zituzten, gaztelaniaz abestuta, eta zenbait kontzertu eman zituzten 2005. eta 2007. urteen artean. 2009. urtean Juan Perro taldearen proiektuari ekin zion berriro, eta 2011n 'Río Negro' izeneko diskoa kaleratu zuen. Horren ondoren, beste hiru lan plazaratu ditu.