Borrar
Aloña Mendi kirol elkarteko ordezkariek ere eraman zuten lekukoa. Argazkiak Santi Mendiola

45 urte Korrika abiatu zenetik

Omenaldia eta aldarrikapena ·

1980ko azaroaren 29an Oñatin abiatu zen lehenengo Korrika eta hura ospatzeko ekitaldi instituzionala egingo du AEKk larunbatean Unibertsitatean

Ostirala, 28 azaroa 2025, 06:45

Comenta

Milaka lagunek egin dute antxintxika Korrikan 1980az geroztik euskararen alde, ez bakarrik Euskal Herrian, baita munduan zehar ere euskal diasporari esker. Baina lehenengo korrikalariak oñatiarrak izan ziren. Lehenbiziko edizioa Unibertsitateko ateetatik abiatu zen 1980ko azaroaren 29an, 22:00etan, 'Zuk ere esan bai euskarari' leloarekin, eta parte hartu zutenek oroitzapen apartak dituzte bizitakoaz eta ondoren etorri zenaz; orduz geroztik Korrika euskararen alde egiten den ekintzarik jendetsuena bihurtu baita.

Datorren larunbatean, Oñatin hasi eta 1.820 kilometro eta gero Bilbon amaitu zen lehen edizioaren 45. urteurrena ospatuko da, eta AEK-k ekitaldi instituzionala antolatu du data horren inguruan. Bertan, Korrikaren sortzaileei eta parte hartu zutenei omenaldia egingo zaie, eta datorren urtean egingo den 24. edizioko mezua ere aurkeztuko da. «Lehendabiziko Korrika egitera bultzatu gintuen arrazoiak egun berberak direla, eta presazkoa den kontua dela gogoraziko dugu» diote.

Eli Galdos, Oñatiko alkate eta Gipuzkoako ahaldun nagusia izandadakoa, euripean atxintxiketan.

Ospakizun berezia izango da AEKrentzat nahiz Oñatirentzat, beti izan baitu lotura berezia herriak Korrikarekin. Izan ere, lehen edizioaz gain, 1997an ere jaiaren hamargarren edizioa Arantzazutik abiatu zen, Aita Villasantek lehen erreleboa eginez, hainbesteko ospea lortu zuen «Euskal Herria Korrika !» Gozategiren kantaren doinuek lagunduta.

Urteurrenek eta data biribilek atzera begiratzera eta protagonisa izan ziren haiekin orduan bizitakoa gogoratzera gonbidatzen gaituzte. Baina 45 urte asko dira eta horietako batzuk jada ez daude; beraz, familiakoak izango dira lasterketa abiatu zuen kanpai-hotsarekin hasiko den ekitaldira joango direnak.

José María Satrustegi, antropologo, idazle eta euskaltzaina eta Julen Kaltzada AEK-ko sustatzaile eta gero lehendakari izan zena.

Urtsa Errasti lehen edizio hartako antolatzailea izan zen eta ondo gogoratzen du eliza guztietan egindako aldarri sinboliko hura. «Gaueko hamarrak ziren, eta eztena elur-malutekin batera etorri zen, oso berezia izan zen. AEK euskararen aldeko jai ezberdin baten bila zebilen eta Euskal Herri osoa beteko zuen errelebu bidezko ibilbide batean pentsatu zuen. Eta zer hoberik Oñati lehen euskal unibertsitatearen sorlekua eta euskara batuaren oinarriak ezarri ziren herria baino».

Deigarria iruditu zitzaion kalean zegoen jendetza, gaua hotza izan arren, eta anekdota bat gordetzen du lehen edizio hartatik, zeinarekin jakin baitzuen Korrika arrakastatsua izango zela. «Elgetako igoera ikusten gelditu nintzen, eta harri-jasotzaile bat mahuka motzean korrika zihoan lekukoa esku batean eta harria sorbaldan zuela». Hau geldiezina da, pentsatu zuen orduan, eta denborak arrazoia eman dio.

Kanpaiak, hotza eta elurra

Kanpai-hotsaz gain, arku- eta ezpatekin egindako pasilloa ere gogoratzen du Errastik. Remigio Mendiburuk egindako lekukoaren bidea hasteko ohorea Jose Maria Satrustegi, antropologo, idazle eta euskaltzainari egokitu zitzaion, Julen Kaltzada –gero AEK-ko lehendakari izan zena– lagun zuela.

Satrustegik «zero kilometroa» egin zuen eta Txantxiku Ikastolako lau haurrek eman zioten jarraipena. Ondoren, garai hartan Oñatiko alkatea zen Eli Galdosek hartu zuen erreleboa. Udalbatzak, Pikupe txarangak eta Aloña Mendi kirol taldeko ordezkariek egin zituzten lehenengo metro historiko horiek 'Bat korrika, bi korrika, milaka korrikalari. Euskal Herri guztietan denok bai euskarari' lelopean.

Pikupe txarangak lekukoa eraman eta korrika egiteaz gain, kaleak girotu zituen.

Sasoi hartan Oñatiko kultura, kirol eta gizarte ongizateko zinegotzia zen Carlos Agirrebengoak oso gogoan du Korrika abiatu zeneko eguna. «AEKren proposamena iritsi zitzaigunean udalbatzak ez zuen zalantzarik izan. Oso positiboa izan zela esan behar da, are gehiago Korrikak izan duen bilakaera, herriaren babesa eta gizartean izan duen papera ikusita».

Udalbatzako ordezkariek eltze askotako burruntzalia diren Pikupe txarangari eta Cipri Agirre zuzendariari pasatu zioten lekukoa. Honek, berriz, Aloña Mendi kirol klubaren pilota ataleko Julian Doradori. Hark eta eskubaloi ataleko Jabi Balzategik «zirraragarritzat» jotzen dute esperientzia hura. «Pedro Iñurritegi 'Peitto' (futbol atala) eta Jose Mari Romanorekin (atletismoa) batera Otadui zuhaiztian lekukoa hartu eta ikastetxeetako ordezkariei eman genien».

Gotzon Osinagak ere herrian barrena egin zen ibilbidean parte hartu zuen, «pozez gainezka», eta urrea bailitzan gordetzen omen du orduko argazki bat. Ordutik,milaka euskal herritar bezala, edizio askotan ibilia da korrika. «Behin Sanprudentzion hartu nuen lekukoa, eta nire ibilbidea egin ondoren, korrika jarraitu nuen Legazpiraino».

Garaiko kronikek jasotzen dutenez, Jose Migel Barandiaranek ere –91 urte zituen orduan– hartu zuen lekukoa Beasainen, goizeko seietan, eta Mikel Laboak eta Txillardegik, besteak beste, Donostian.

Datorren udaberrian Korrikaren 24. edizioa burutuko da, baina aurretik, larunbatean, Korrikaren bultzatzaileei omenaldia egingo zaie eta Xabier Amuriza bertsolariak, Korrikaren lehen kantaren egileak, 'Euskara gara' leloa aukeztuko du.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 45 urte Korrika abiatu zenetik

45 urte Korrika abiatu zenetik