'Orain presoak' ekimenarekin eta larunbateko deialdiarekin bat egin du Udalbatzak

M.G. OÑATI.

Udalbatza osatzen duten bi talde politikoek, EH Bilduk eta EAJk, bat egiten dute 'Orain presoak' ekimenak egiten duen adierazpenarekin, eta larunbatean, 19:00etan, herriko plazan burutuko den ekitaldian parte hartzeko deia zabaldu die herritarrei.

Orain presoak dinamikak ETAren disoluzioaren ostean ireki den garai berria probestu nahi du, «bakerantz eta elkarbizitzarantz eramango gaituen aldaketa gauzatu dadin».

Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dute «milaka kilometrotara urrunduak diren eta giza eskubideak urratuak zaizkien euskal presoen aferari irtenbidea ematea».

Kontziente dira Orain presoak' ekimenaren sustatzaileak «Euskal herritarren minak eta oinazeak askotarikoak direnaz». Oinaze horiek ez dituzte «ez ahaztu ezta baztertu nahi, elkarbizitzan eta bakean aurrera egiteko zauri guztiak sendatu eta korapiloak askatu behar direla» jakitun baitira. Baina egun indarrean dagoen espetxe politika aldatu ezean, «giza eskubideak urratzeaz gain, presoen senideek sufrimendua pairatzen jarraituko dutela» adierazten dute.

Zentzu honetan, «azken hilabeteetan, ugaldu egin dira espetxe politika honen aldaketa beharraz mintzo direnak. Baita espainiar gobernuaren baitan ere. Baina, hitzak ez ezik, ekintzak behar direla» gogorarazten du Orain presoak ekimenak. Horregatik, dinamika honen baitan dabiltzanek «aldaketa horren oinarriak ezartzeko unea dela» aldarrikatzen dute eta herritarrak eskaera hori babestera deitzen dituzte.

Larunbatean, espetxe politika aldatu dadin eskatzeko ekitaldia egingo da plazan, 19:00.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos