Onati
Oñatiarren doinuak Cambrilsen barrena entzun zituzten asteburuanMusika eta dibertsioa uztartuz, José de Azpiazu Musika Eskolak asteburu berezia bizi izan du Kataluniako kostaldean
I. Murillo
Oñati
Asteartea, 15 apirila 2025, 20:04
Iragan asteburuan, Oñatiko José de Azpiazu Musika Eskolako 53 ikasle eta 5 irakaslek musika eta alaitasuna zabaldu dituzte Cambrilseko kaleetan. Bidaia ez zen ohiko irteera izan: izan ere, tresnak eskuan eta irribarreak aurpegian, musikaz blai ibili dira egunero.
Ostiral arratsaldean emanaldia eskaini zuten Posit plazan, eta han elkartu ziren hainbat taldetako musikariak: akordeoiak, trikitixak, panderoak, gitarra, pianoa, biolina, txirula eta perkusioa. Dantzan ere parte hartu zuten ikasleek, giro alaian eta publikoaren harrera beroarekin.
Larunbatean atsedenerako eta dibertsiorako tartea hartu zuten, eta talde osoa Port Aventurara abiatu zen. Adrenalina, barreak eta argazkiak izan ziren eguneko protagonistak, eta musika-irakasleek, oraingoan, notarik gabe ibili ziren.
Bidai bukaera
Igandean, Oñatira itzuli aurretik, kalejira alai bat egin zuten Cambrils erdiko kaleetan zehar, portuko pasealekura iritsi arte. Trikitixa eta pandero doinuek gidatu zuten ibilbidea, eta hango bizilagunek ez zuten aukera galdu dantzan egiteko edo argazki bat ateratzeko.
Musika eta bidaiaren arteko uztarketa honek arrasto polita utzi du, eta parte-hartzaile guztiak pozik itzuli dira Oñatira. Eguraldi ona, harrera beroa eta taldearen arteko giro bikaina izan dira asteburuko osagai nagusiak. Musika eskolako ordezkariek argi utzi dute: bi urte barru, Cambrils berriro bisitatuko dute, soinua, erritmoa eta Oñatiko doinuak berriz zabaltzeko prest.