Hamasei bertsolarik parte hartuko dute VIII. Txinparta Bertso txapelketan

MIrari, Iñaki eta Andoni txapelketaren aurkezpenean. /  MARIAN
MIrari, Iñaki eta Andoni txapelketaren aurkezpenean. / MARIAN

Finalerako gai proposamenak jasotzeko kutxak jarri dira herriko hainbat tabernatan

M.G. OÑATI.

Bost urteren ostean, hemen da berriz ere Oñatiko Bertsolari Txapelketa. Martxoaren 23tik apirilaren 13ra hamasei lagun ariko dira 2014az geroztik Andoni Goitiarenen buruan dagoen txapelaren bila. Zortzigarren sariketa izango da eta edizio honetatik aurrera Txinparta Bertsolari Txapelketa izena izango du prentsaurreko bidez azaldu zutenez.

Herriko 16 bertsolari jarriko dira lehian bi finalaurrekoetan, eta soilik 6 onenek lortuko dute final handirako txartela. Lehen saioa martxoaren 23an jokatuko da Antixena gaztetxean, eta zortzi bertsolari arituko dira: Ander Lizarralde 'Pertzi', Urko Egaña, Gorka Larrea 'Txapel', Maider Arregi, Joseba Lasagabaster, Beñat Alberdi, Bittor Zubiagirre eta Xabier Pascual 'Pasku'. Bigarren finalaurrekoa, berriz, hilaren 30ean, Eltziako topagunean jokatuko da, eta bertan beste zor- tzi bertsolari arituko dira: Odei Irigoien, Aitor Tatiegi, Egoitz Aizpuru, Andoni Goitia, Joseba Igartua 'Urze', Urko Arregi, Gontzal Belategi eta Aritz Irigoien.

Apirilaren 13an jakingo da edizio honetako txapeldunaren izena eta Bertso Eskolaren sortzaileetako bat izan den Xabier San Migel izango da irabazleari txapela jartzeko ardura izango duena «herriko bertsozaletasuna bultzatuz egin duen lanaren errekonozimendu gisa».

Sei bertsolari arituko dira finalean: lehen eta bigarren finalaurrenetako irabazleak eta, horiez gain, puntu gehien eskuratutako lau bertsolariak. Epaimahai lanetan hiru bertsozale arituko dira, aurreko txapelketetan esperien- tzia dutenak: Lander Díaz de Gereñu, Nerea Etxezarreta eta Julen Iriondo, eta horiekin batera Xabier Igartua izango da puntuazio zenbaketa egiteaz arduratuko dena.

Herritarren parte-hartzea sustatu nahi du Txinparta Bertso Eskolak. Horretarako gai proposamenak jasotzeko kaxak jarri dituzte herriko hainbat tabernatan. Finalera begira, gai-jartzaile taldeak horiek bildu, landu eta egokitu egingo ditu. Mirari Sagarzazu eta Egoitz Atxaga izango dira txapelketako gai-jartzaileak. Horiez gain, bertso eskolako hainbat kidek (Aimar Anduaga, Xabier Agirre,Markel Larrea, Haritz Olaeta eta Beñat Leturia) taldetxo bat osatu dute. Aurreko zazpi edizioetan Rufino Alkorta (1965), Andres Korta-barria 'Gorordo' (1968-1969), Josu Igartua (2007), Joseba Lasagabaster (2008), Maider Arregi (2012) eta Andoni Goitiak (2014) jantzi zuten txapela.