Arantzazun Txillardegi oroitzeko plaka jartzeko erabakia hartu du Udalak

Udalbatzan egon ziren Txillardegiren senitarteko eta lagunak. /  MARIAN
Udalbatzan egon ziren Txillardegiren senitarteko eta lagunak. / MARIAN

Aurten betetzen dira 50 urte euskara batuak Arantzazun lehen urratsak eman zituela

M.G. OÑATI.

«Hemen ikerketa lanean aritu zen Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' (1929-2012), idazlea, irakaslea eta politikaria, oñatiar jatorrizko senitartekoa, eta euskara batuaren aita». Hala adieraziko du Arantzazun, Milikua etxearen fatxadan jarriko duten Txillardegi oroitzeko plakak.

Oroigarria zein egunetan jarriko den zehazteke dago oraindik, baina baliteke irailaren 27an izatea, Osoko Bilkuraren ondoren senitartekoek adierazi zutenez. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi 1929ko irailaren 27an jaio baitzen.

Aurten euskara batuaren sorreraren 50. urteurrena da, eta euskara batuaren oinarriak Arantzazun jarri zituzten horietako bat Txillardegi izan zen. Sarri joan zen Aran-tzazura, normalean Milikua ostatura, eta bertan ikertu, idatzi eta atseden hartu ohi zuen. Gainera, haren bigarren abizenak, Enparantzak, Oñatin du jatorria, Araotzen.

Horregatik, Txillardegi Liburutegia Herri Ekimenak Milikua ostatuko fatxadan Txillardegi oroitzeko plaka bat jartzea proposatu zion Oñatiko Udalari, Angel Mari Milikuaren bidez, eta aho batez onartu dute.

Erabakia zinegotzi guztiek (EH Bildukoek zein EAJkoek) hartu zuten azken udalbatzan, eta ekitaldia txalo artean bukatu zen, aurrean Txillardegiren emazte Jone Forcada eta seme Joseba Alvarez zeudelarik, baita Angel Mari Milikua eta Txillardegi Liburutegia Herri Ekimeneko presidente Fito Rodriguez idazlea ere.

Honek, beste hainbat lagunekin batera, Txillardegik merezi duen aitortza publikoaren alde dihardu eta hitza hartuta, udalbatzak hartutako erabakiagatik eskerrak eman zituen.

Alkateak Txillardegiren lana goraipatu zuen. Onartu zuen «oraindik ez duela jaso herri-erakundeetatik merezi bezalako aitortzarik», baina, denboraren poderioz, jaso egingo duen konbentzimendu sendoa agertu du, Txillardegiren «merezimenduak begi-bistakoak direlako».

 

Fotos

Vídeos