Amaia Conde eskultorea motozerrarekin arituko da San Lorentzo jaietan

Amaia Conde./ ESKUTARTIE
Amaia Conde. / ESKUTARTIE

OÑATI.

Amaia Conde eskultoreak motozerrarekin erakustaldia egingo du etzi, larunbata, Larraña auzoko San Lorentzo jaietan. Bilbon bizi den artista iruindarrak motozerrarekin teknika ezberdinak erakutsiko ditu, goizeko 11:00etan hasita.

Amaia Condek enpresa bat dauka Sarrikon -ACC Técnicas de Escultura- eta bere tailerren egurraz gain beste hainbat material lantzen ditu bere artelanetan: buztina, igeltsoa, erretxina, beira-zuntza, brontzea edo silikona, besteak beste.

Larraña auzoko festak bihar, ostirala, abuzutak 10ean, hasiko dira suziri jaurtiketarekin eguerdiko 11:45ean. Etxafleroen eztandak iragarriko du jaien hasiera Larraingain elkartearen aurrekaldean. Ondoren, arratsaldeko bola joko eta tokarako beroketa saioa egingo dituzte.

Birleta edo bola joko txapelketako finalistek saria jasoko dute eta irabazleak, berezia

Bertsolariak -Maider, Urko Arregi eta Bittor Zubiagirrek- eta trikitilariek -Manex Etxeberria eta Laida Beldarrain- alaituko dute eguerdia eta 13:00etan egingo den luntxa.

17:00etan haurrentzako bola jokoa eta toka jokatuko dira eta 18:00etan nagusiendako birletako (bola joko) txapelketa irekia eta toka lehiketak hasiko dira.

Birleta txapelketarako izen ematea bolatokian bertan egingo da eta txanda bakoitzeko irabazlea finalera sailkatuko da. Finalista guztiek izango dute saria eta txapeldunak sari berezia izango du.

Larunbatean, Amaia Conde eskultorearen erakustaldiaren ostean, bertsotan arituko dira Oihana Iguaran, Maider eta Urko Arregi, eta Izer eta Alabier trikitilariak girotuko dute eguerdia pastak eta ardoa hartu bitartean.

Bertsolari eta trikitilari hauek Larraingain elkartean egingo den auzo bazkaria alaituko du 14:00etatik aurrera. San Lorentzo jaiei amaiera emateko su artifizialak jaurtiko dira bazkalostean.

Temas

Jaiak

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos