Nafarroa Kanta taldeak alaituko du San Isidro jaiko herri bazkaria

Joseba Lezeta
JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Herriko festetako lau egunetako edozeinetan baino egitarau zabalagoa du gaur Antzuolak San Isidro ospatzeko. Debagoieneko Artzain eguna eta Atzegi eguna batera hartuko ditu, baina horien inguruko ekitaldiez gain beste mordo bat antolatuko dira.

Goizez, bildotsa burduntzian erre eta pintxoak salduko dituzte. Lehiaketak ere badira: ardi latxaren bila umeentzat eta ahariaren pisua asmatzea bestea. Ardi ile-mozte erakustaldia ere egingo da, baita artiletik harira izeneko tailerra ere. Eguerdiko ordu batean aizkolariek jardungo dute lanean Zurrategin.

Eskolako aterpean bazkaltzeko bilduko dira eta ondoren hasiko dira musikari lotutako saioak. Nafarroa Kanta taldeak arratsaldeko lauretatik aurrera eskainiko ditu abestiak. Gauean, 21:30ean, Fan&Go-k erromerian musika jarriko du Zurrategin.

Bien artean, arratsaldeko seietan, nesken San Isidro pilota txapelketako finalak jokatuko dira frontoian.