Joseba Irazoki eta Lagunak, hilaren 23an, Jimmy Jazz aretoan

Joseba Irazoki, kontzertuan. / SARA SANTOS
Joseba Irazoki, kontzertuan. / SARA SANTOS

Irazokirekin batera 2018an Laboral Kutxa Saria irabazi zuen Elh Malick abeslaria ere arituko da

PAUL PICADO VITORIA.

Joseba Irazoki eta Lagunak taldearen kontzertua izango da datorren ostegunean, maiatzaren 23an, Jimmy Jazz aretoan. Dena den, ez da talde bakarra izango, izan ere, iaz Laboral Kutxa Saria irabazi zuen Elh Malick ere arituko da bertan. Boloa ikusi nahi dutenek, jakin beharko dute aretoko ateak 21:00etan irekiko dituztela, nahiz eta arduradunek kontzertua zer ordutan hasiko den oraindik zehaztu ez duten. Sarrerak erosi nahi izanez gero, Interneten (11,50 euro, kudeaketa-gastuak barne hartuta) edo leihatilan (12 euro) eros daitezke.

Joseba Irazoki abeslari eta musikari nafarra da. Musika estiloari dagokionez, ezin daiteke estilo jakin batean sailkatu, izan ere, folka, rocka eta psikodelia bateratzen ditu. Atom Rhumba taldeko kidea da, baina beste talde batzuetan ere aritzen da, hala nola, Duncan Dhu, Mikel Erentxun eta Nacho Vegas taldeetan.

Hainbat lan kaleratu ditu, eta dioenez, besteentzat jotzen duenean bere buruarekin zorrotzagoa da, bakarrik aritzen denean baino. Bere azken lana, 'Zu al zara?' da, eta iaz kaleratu zuen. Halaber, ETBko Tumatxak telebistako saioan ere aritu zen, euskal abesti batzuen bertsioak eginez.

Bestalde, Elh Malick, Senegaletik etorritako abeslari eta konpositorea da. Haurtzaroan hasi zen musikaren munduan bere herrialdean, eta Espainiara duela 9 urte etorri zen. Horrela, hogei urterekin lehen diskoa kaleratu zuen Zaragozan, eta bera arduratu zen kudeaketa guztiaz. Estiloari dagokionez, Senegaleko folkloreaz gain, reggae eta bluesa ere erabiltzen ditu. Iaz, Laboral Kutxa Saria irabazi zuen, talentu gazteen lehiaketa batean, 25 eta 35 urte bitarteko kategorian.