Inausketa lanetan jasotako sutarako egurra eska daiteke udaletxean

Udal langileak, inausketa lanetan atzo eskola aurrean. /  ALBERDI
Udal langileak, inausketa lanetan atzo eskola aurrean. / ALBERDI

Etzi, egubakoitza, da izena emateko eguna eta «joandako guztien artean banatzen» saiatuko dela dio Udalak

Joseba Lezeta
JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Azken egunotan herriko hainbat auzotako zuhaitzetan udal langileek egindako inausketa lanetan jaso duten sutarako egurra herritarren artean banatzeko asmoa du Udalak. Norbaitek egur hori eskuratu nahi izanez gero, egubakoitzera arte, hau da, etzira arte, du udaletxean izena emateko eguna. Azaltzen diren guztiei sutarako egurra ematea da udal arduradunen asmoa. Bulego orduetan hartuko dituzte izenak, ondoren banaketa gauzatu ahal izateko.

«Sutarako egokia den eta irteera eman nahi diogun egur-soberakina izango dugu», dio bandoak. Alferrik galdu ordez, egurra aprobetxatzea da helburua.

Euskaraldia eta formazioa

Hil honen 23tik abenduaren 3ra, hamaika egunez, burutuko den Euskaraldiari lotutako formazio bilerak antolatu dira gaur arratsalderako Olarango ekitaldi aretoan. Belarriprest-en deialdia seietan eta ahobizi-ena, berriz, ordubete geroago, zazpietan. Euskaraldiko txapak ere banatuko dituzte gaurko bi saioetan.

Hitzaldia, bihar

'Yo decido cómo ser cuidado (Norberaren zaintza, norberak erabaki)' izenburudun hitzaldia emango dute bihar arratsaldeko seietan Olaran etxean. Gazteleraz izango da. Udalak hilabete hasieran etxez etxe banatutako agendan bostetan iragarrita zegoen, baina ordubete geroago hasiko da, seietan.

Balerdi, Gipuzkoako finalean

Manex Balerdi pilotariak Gipuzkoako Txapelketako finala jokatuko du zapatu goizeko hamaika eta erdietan Idiazabalen. Soraluzeko klubarekin ari da atzelari antzuolarra, Aitor Atxotegi aurrelari duela, lehen mailan, Ohorezkoaren hurrengoan. Peru Labaka zizurkildarra eta Iñigo Bikuña donostiarra, Amezketako Zazpi Iturri taldeko kideak, izango dituzte aurkari.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos