Hamabi sari Huhezinemaren hamabigarren edizioan

Huhezinemako 12. edizioaren atal desberdinetako irabazleak Arkupeko eszenatokian. /  JOXEBI
Huhezinemako 12. edizioaren atal desberdinetako irabazleak Arkupeko eszenatokian. / JOXEBI

Arkupe Aretoa goraino bete zen Euskal Film Laburren Jaialdiaren azken ekitaldirako

JOXEBI RAMOS ARETXABALETA.

Hamabi hamarkada bete ditu zinemak, hamabigarren ediziora iritsi da Huhezinema, Euskal Film Laburren Jaialdia, eta hamaika film labur ikusteko aukera izan da. 'Zinemak hamabi' lelopean iaz Euskal Herrian egindako lanen uzta jaso da hamabigarren edizioan, eta hamabi sari banatu dira lan horien artean.

Goraino bete zen Aretxabaletako Arkupe Aretoa Huhezinemaren azken egunean: zinema zaleak, Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleak, film laburren egileak eta babesleak. Kepa Errasti aktore eta zuzendariak aurkeztuta, Sail Ofizialeko film laburrak ikusi ahal izan zituzten bertaratutakoek: 'Agnés' (Irati Elortondo), 'Un agujero en el muro' (Carlos Moure),' Tximeletaren hegaldia (Amaia San Sebastian), Ama' (Josu Martinez), 'Shell Phone' (Miren Mujika), 'Gogor atzea' (Oier Fuentes), 'Ancora Lucciole' (Maria Elorza), 'Asfixia' (Leire Egaña), 'Zain' (Pello Gutierrez) eta 'Minutuak' (Mikel Uralde Arrue). Film labur guztiak ikusi ondoren, ikusleek haien lanik gogokoena emateko aukera izan zuten. Boto guztiak zenbatuta, sari banaketari ekin zitzaion.

Honako hauek izan ziren irabazleak: Kutixi Saria (400 euro): 'Urtea joan da' (Egoitz D. Ibargoitia). Ikusleen Saria (100 euro): 'Babarrun txapelketa' (Julen de la Serna). MU Ikasleen Saila Fikzio Onenaren Saria (300 euro): 'Erroak' (Ane Zuazubiskar). Dokumental Onenaren Saria (300 euro): 'Min ezkutuak' (Ane Garcia). Argazki Onenaren Saria (filmatzeko materiala 1.500 euroko balioa duena): 'Erroak' (Ane Zuazubiskar). Ikusleen Saria (100 euro): 'Stendhal' (Egoitz D. Ibargoitia).

Sail ofizialean, finalista guztiek jaso zuten 200 euroko saria. Goiena Saria (Euskarazko film onenari, 1.000 euro): 'Zain' (Pello Gutierrez). Huhezinemako epaimahaiak aipamen berezia egin zion 'Asfixia' (Leire Egaña) film laburrari.

Vertigo Saria (MUko ikasleek osatutako epaimahaia, 400 euro): 'Minutuak' (Mikel Uralde Arrue). Ikusleen Saria (300 euro): 'Minutuak' (Mikel Uralde Arrue). Mundukide Saria (Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaia egokien txertatuta dituen film laburra, 700 euro): 'Mugak hautsiz' (Asier Toledo, Xabier Martin). Huhezinemako epaimahaiak aipamen berezia egin zio Mundukide Sarian 'Un agujero en el muro film laburrari'. Kartelik onena (200 euro): Aitzol Zubizarreta. Urtero bezala, zinemako profesionalek osatu zuten jaialdiko epaimahaia: Iratxe Fresneda, Natxo Rodriguez eta Izaskun Arandia

Donostiako Nest Film

Aurtengo 12. Huhezinemari hasiera emateko, Donostiako Zinemaldiko Nest Film Students saileko zenbait film labur proiektatu ziren. Nest Film Students topaketa horretan epaimahaikide izan ziren fakultateko bost ikasle, eta hiru film labur ekarri zituzten Huhezinemara.

Hauek izan ziren Andrea Aranburu eta Uxue Arakama aurkezleen sarreraren ostean proiektatu ziren laburrak: 'The Girl With Two Heads' (Betzabé García, Mexiko, 13'), 'Count your curses' (Lòrene Yavo, Belgika, 8') eta 'El verano del León Eléctrico' (Diego Céspedes, Txile, 20').

Ondoren, Josu Martinez zuzendariaren 'Jainkoak ez dit barkatzen' dokumentala ikusteko aukera izan zuten ikusleek. Martin Ugalde kazetariak Lezo Urreiztietari egindako 35 orduko elkarrizketa da filmaren bizkarrezurra, eta Adur Larrearen marrazkiak, artxiboko irudiak, elkarrizketak eta Joserra Senperenaren musika biltzen ditu. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten filma; eta Euskal Herri osoko aretoetan ikusgai izan ostean, Huhezinemara ere iritsi da. Gainera, Josu Martinez zuzendariak bideo bidez aurkeztu zien bere dokumentala ikasleei eta bertaratu diren gainontzeko ikusleei.

Martxan sail berria

Egitarau betea izan du Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 12. edizioak. Martxan! sail berriak hasi zuen bere bidea; ikasleek Fina Salegi ekoizlearen eta Mirokutana ekoiztetxeko kideen gomendioak eta aholkularitza jaso zituzten.

Luxuzko gonbidatuak ere izan ziren. Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariak, esaterako. Ondoren, plaza hartu zuen Huhezinema Jaialdiak, Bacon SFX enpresako lagunen eskutik, karakterizazio efektu bereziak ezagutzeko aukera izan zituzten bertaratutako haur eta helduek. Banaketaz ere hitz egiteko aukera izan zuten ikasleek, eta sortzeko bidean dituzten lanen zein sortutakoen inguruan aritu ziren Aitor Arenas Banatu Filmak etxeko kidearekin eta Leire Lardizabal Euskaltzaleon Topaguneko kidearekin. Lardizabalek azaldu zuen «beharrezkoak» zirela «ikasleen eta gazteen lanak zabaltzeko» ekimenak, eta 'Laburbira, Kameratoia eta Irudienea' jarri zituen adibide moduan. Ondoren ikasleen lanak jasotzen zituzten bi sailetako lanen proiekzioak izan ziren. Lehenengo, Kutixi Saileko lanak aurkeztu zituzten ikasleek; aurten, hogei lan hautatu zituzten gastronomia ardatz zuen sailean: 'Kafe-te-gia', 'Eiderren saltsak', 'Naedlakus', 'The artist', 'Urtea joan da', '5 senses', 'Zure esku', 'Gastronomiaren literatura', 'Otordua', 'Neurrizukre', 'Babarrun txapelketa', 'Zerk bereizten gaitu?', 'Zer gara, jaten duguna ez bada?', 'Txoko', 'Etxetik etxekoentzat', 'Pobre aberatsak', 'Sagar + ardo + - tegi', 'Gosekila' eta 'Ffffuuuargiñano'.