Gasteizko txaranga batek alaituko du biharko Dantzari Egunaren bukaera

Herriko plaza dantzariz beteko da bihar goizean zein arratsaldean ospatuko diren saioetan. /  DV
Herriko plaza dantzariz beteko da bihar goizean zein arratsaldean ospatuko diren saioetan. / DV

Bost taldetako 170 bat lagunek hartuko dute parte goizeko hamaiketan hasiko den ekitaldian

Joseba Lezeta
JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Oinarin taldeak ia dena gertu du bihar ospatuko den eskualdeko Dantzari Egunerako. Helduek hartuko dute parte Debagoieneko herriek txandan antolatzen duten ekitaldian. Garai batean Debabarrenera ere joaten zen, baina hango taldeak bertan behera geratu ziren.

Hasieran iragarritako egitarauari Gasteizko txaranga bat gehitu zaio. Iluntzeko bederatzietan hasiko du kalejira eta ordu horretatik aurrerako giroa berak alaituko du.

Osterantzean, bost dantza talde ariko dira: Aretxabaletako Leizarra, Arrasateko Lore Gazteak eta Arrostaitz, Oñatiko Oñatz eta Antzuolako Oinarin. Gure herriko Alborada txistu taldea eta Arrasateko gaiteroak izango dituzte lagun. Guztira 170 bat lagun dira euren zereginak bete ondoren eskolako aterpean elkarrekin bazkalduko dutenak.

Biharko egitarauaren zati nagusia goizez da: 10:00etan, ongi etorria taldeei; 11:00etan, kalejira; 11:30ean, Herriko plazako saioa (eguraldi txarra bada, eskolako patioan egingo da). Ondoren, 15:00etan, hasiko da bazkaria.

Arratsaldez ere izango da zertaz gozatu: 18:00etan, larrain dantza Herriko plazan; 18:30ean, poteo kalejira; eta 21:00etatik aurrera, Gasteizko txaranga batek alaitutako saioa.