Eneko Saralegik bost metroko altueran moztuko du enborra San Isidro jaian

Maika Ariztegi Urrezko Kopa irabazi zuenean. / MIKEL FRAILE
Maika Ariztegi Urrezko Kopa irabazi zuenean. / MIKEL FRAILE

Irati Astondoa, Maika Ariztegi, Jesus Mari Mujika eta Aratz Mugertza ariko dira aizkora saio konbinatuan

Joseba Lezeta
JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Zehaztu da zein bost aizkolarik hartuko duten parte San Isidro ospatzeko hilaren 18an, zapatuan zortzi, Zurrategi plazan antolatuko den ekitaldian. Eguerdiko ordu batean hasiko da. Saio konbinatuan Irati Astondoak, Maika Ariztegik, Jesus Mari Mujikak eta Aratz Mugertzak egingo dute aizkoran. Txandan ariko dira eta azkarrenek irabaziko dute. Eneko Saralegik, berriz, bost metroko altueran jarritako enborra moztuko du. Indarra eta oreka zaindu behar dira egur estu baten gainean. Ahal bada eta denborarik badute, motozerrarekin ekitaldia burutzeko asmoa ere badu Mujikak.

Maika Ariztegi nafarra, iturendarra, trebea da herri kirol gehienetan. Aizkoran, esate batera, emakumeen aurreneko Urrezko Kopa irabazi zuen 2016an. Lokotx bilketan Euskal Herriko txapeldun izandakoa da, baita ingudearekin ere.

Irati Astondoa bizkaitarra, bestalde, segan hasi eta gero aizkorara pasatu zen.

Herri bazkaria

Artzain eguna eta Atzegiko kideena ere izango da San Isidro jaia. Herri bazkaria ere antolatu dute eskolako aterpean, Nafarroa kantu taldeak lagunduta. Hiru menu jarri dituzte aukeran, haietako bat beganoa. Hurrengo astelehenera arte eros daitezke izenak udaletxean eta liburutegian.

Hona menu bakoitza bere prezioarekin.

Umeena, 12 eurokoa: iberikoak, urdaiazpiko kroketak, hanburgesak parrilan patatekin eta izozkia.

Beganoa, 20 eurokoa: entsalada mistoa, kroketa beganoak eta heura landare-proteinak, hanburgesa eta saltxitxa begetalak, anana (piña) eta kafea.

Helduena, 20 eurokoa baita: entsalada mistoa, baserriko oilaskoa parrilan, pasteltxoak eta kafea.

Sagardoa txotxean, ardo gorria, zuria zein beltza eta ura izango dituzte edateko.