Ekain Larrea atleta jubenilak Espainiako txapelketara joateko txartela eskuratu du

Neska-mutikoak korrika Kalebarrenen, San Esteban krosean. /  KARLOS BALEZTENA
Neska-mutikoak korrika Kalebarrenen, San Esteban krosean. / KARLOS BALEZTENA

Goierri Garaia taldeko kideak bederatzi minutu eta segundo bateko denbora egin du 3.000 metroko saioan

Joseba Lezeta
JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Ekain Larrea atletak pista estaliko Espainiako txapelketan parte hartuko du 3.000 metroko saioan, eguaztenean Donostiako belodromoan jokatutako kontrol probetan federazioak eskatzen zuen denbora egin ondoren. Jubenil mailan ari da Goierri Garaia taldeko an-tzuolarra. Bosgarren sailkatu zen Ekain Larrea bere txandan honako denborarekin: 9:01.04. Gutxieneko marka baino hobea eskuratu zuen, helburua lortuz.

Negu honetako kros denboraldian ere ondo dihardu antzuolarrak. Hilaren 16an, duela bi aste, garaipena eskuratu zuen Eibarko saioan. Hogeita hamazazpi segundoko aldea atera zion bigarren sailkatuari. Gipuzkoan jubenil mailan gaur egun dagoen korrikalaririk indartsuena dela erakutsi du Ekain Larreak egutegiko lehen zatian. Dena den, heltzear daude oraindik saio nagusiak.

San Esteban krosa

Donostian korrika egin zuenez, Ekain Larrea ez zen irten Antzuolako kaleetan eguaztenean bertan antolatu zen San Esteban krosean. Bai, ordea, bere anaia Ibai. Bigarren sailkatu zen Fernando Nogales irabazlearen atzetik. Nesketan ere beste herri batetik etorritako atleta nagusitu zen, Esther Eskisabel.

Korrikalari askok parte hartu zuten, tartean 103 umek. Neska-mutikoekin hasi eta gizon-emakume zein gazteekin bukatu zen. Indarra hartu du ekitaldiak.

 

Fotos

Vídeos