Castellóko Adrián Palauk irabazi zuen bizikleta jaitsiera eta Jon Larrea, bigarren kadete mailan

Bizikleta jaitsierako parte-hartzaileak, Herriko plazan sari banaketa ondoren. / OLATZ
Bizikleta jaitsierako parte-hartzaileak, Herriko plazan sari banaketa ondoren. / OLATZ

Arratsalderako bi saio iragarrita bazituzten ere, bakarra jokatu ahal izan azkenik

Joseba Lezeta
JOSEBA LEZETAANTZUOLA.

Castellóko txirrindulariak, Adrián Palau, nagusitu zen Antzuolako bizikleta jaitsieraren hirugarren edizioan. Hiru minutu, segundo bat eta 99 ehunenekotan heldu zen Pagamenditik trenbidera, maila guztiak batuta denbora azkarrena lortu eta elite mailan aurreneko postuan sailkatuz.

Mailaz maila hauek izan ziren garaileak: aipatutako Adrián Palau, Beñat Egialde hogeita hiru urtez beherakoetan, Yelco Romero juniorretan, Oxel Mínguez kadeteetan, Txomin de la Vega elgetarra master 30ean, Iván Blanco master 40an, José Manuel Prado master 50ean eta Onintza Muruaga nesketan.

Antzuolarrei dagokienez, Jon Larrea podiumera igo zen kadete mailan. Bigarren bukatu zuen hiru minutu, 17 segundo eta 30 ehunenekotan. Jon Fernandezek, juniorretan, laugarren amaitu zuen, Larrea anaia txikiaren antzerako denborarekin: 3:17.51. Hogeita bat ehuneneko aldea bien artean. Unai Larrea, bestalde, seigarren sailkatu zen hogeita hiru urtetik beherakoetan. Honen marka, 3:45.18. Guztira 71 parte-hartzaile izan zituen jaitsierak.

Beste behin, aurreko bi edizioetan bezala, zale ugari bildu ziren jaitsieran. Polita da zirkuitua. Bi saio zeuden iragarrita arratsalderako, baina bakarra jokatu zen. Sendagilea falta, beste baten bila jardun eta agertu zen azkenean.