Aurkeztu dute Euskaraldiko Bergarako hamaikakoa

Euskaraldiko Bergarako hamaikakoa eta beste hainbat bergarar osteguneko aurkezpenean. /  E. P.
Euskaraldiko Bergarako hamaikakoa eta beste hainbat bergarar osteguneko aurkezpenean. / E. P.

E. P. BERGARA.

Martxan da Euskaraldia Bergaran. Biken Larrañaga eta Antxon Arregi musikari gazteen doinuekin lagunduta, ostegun ilun-tzean aurkeztu zuten hamaikakoa, ekimenean parte hartzeko konpromisoa hartu duten lehenengo hamaika pertsonen taldea.

Tartean, gazteak eta edadetuak, Bergaran zein kanpoan jaiotakoak, euskaraz ondo hitz egiteko gai direnak eta ulertu bai baina hitz egiteko zailtasunak dituztenak... Hamaika pertsona azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskararen erabilera bultzatzeko ekimenean parte hartuko dutenak.

Horietako sei Ahobiziak izango dira: Joxu Arana, Julen Irizar, Aitor Jiang, Arantxi Garitano, Anaje Narbaiza eta Iñigo Almortza. Horiek euskaraz hitz egingo diete euskaraz ulertzen duten guztiei eta euskaraz zuzenduko zaizkie ezezagunei ere.

Beste bostek berriz Belarriprest rola beteko dute: eurei euskaraz hitz egiteko eskatuko diete gainontzekoei, euskaraz ulertzen dutela eta. Talde horretan dira Julia Pajares, orain dela 3 urte Malagatik etorria; Antonio Herzog, odol-emaleen elkarteko arduraduna; Enrique Nieto, Bergarako Kirol Elkarteko futbol-eskolako arduraduna; Mari Carmen Santxo, euskara ikasten diharduen 75 urteko jubilatua eta Dina Haquiesa, Filipinetan jaiotako dendaria.

Aurkezpenean euskaraz hitz egiten duten edo ulertzen duten bergarar guztiei egin zitzaien ekimenean parte hartzeko deia. «Aspaldian jaso dudan albisterik onena da, euskaraz hitz egiteko eskatuko digute» esan zuen Anaje Narbaizak.

Jarraian merkataritzako eta enpresetako zabalkundea. Euskaraldian izena emateko epea irail erditik aurrera zabalduko da eta ekimenaren herriko arduradunak ari dira sektorez sektore informazioa zabaltzen.

Dagoeneko izan dira harremanetan hezkuntza, kultura eta kirol arloko hainbat entitaterekin eta hurrengo asteetan herriko denda eta enpresetara zuzenduko dira programaren berri eman eta bultzatzaile izatea eskatzeko. Era berean, egitasmoari buruzko informazioa jaso edo bertan boluntario gisa lagundu nahi duena Jardunera edo Udaleko Euskara Zerbitzura zuzendu daiteke edo bergaraeuskaraldia@gmail.com helbidera idatz dezake.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos