Berdinketarekin eta zortzigarren postuan bukatu du liga futbol talde nagusiak

Infantilek ez dute gainditu Kopako final-zortzirenetako kanporaketa. / AKE
Infantilek ez dute gainditu Kopako final-zortzirenetako kanporaketa. / AKE

Infantilak Kopatik kanporatuta geratu dira Sporting de Herreraren aurka 2-3 galdu ondoren

Joseba Lezeta
JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Gorengo mailan jardun duen Antzuola Kirol Elkarteko futbol taldeak Beasainekin 1-1 berdinduta amaitu du liga Eztalan. Sailkapenaren erdiko aldean esan dio agur denboraldiari, zortzigarren hain zuzen, hasierako estutasunak ahaztuta.

Markel Letek bigarren zatiko zor-tzigarren minutuan sartutako golari esker puntu bat geratu zen etxean zapatu arratsaldean. Ordurako 0-1 aurretik ziren beasaindarrak. Horrela heldu ziren atsedenaldira, kanpokoek hemeretzigarren minutuan zulatu zutelako Iker Agirregabiriaren atea.

Hurrengo denboraldiari begira lanean hasteko garaia da. Jubenil mailatik azken denboraldietan igotako futbolariek gaztetu eta antzuolartu egin dute talde nagusia. Zuzendari batzordearentzat zein entrenatzailearentzat berri ona da. Badirudi zenbait denboralditako lan gogorra arindu egingo zaiela.

Orain ospakizunen txanda da. AKE eguna zain dute ekainaren 1ean. Hilaren 24ra arte eman daiteke bazkarirako izena.

Han izango dira baita infantil mailako taldeko kideak. Hauentzat ere bukatu da denboraldia Kopako final-zortzirenetako kanporaketan Sporting de Herreraren kontra 2-3 galdu eta gero. Zapatu goizean aritu ziren Eztalan. Gertu izan zuten berdinketa, baina ihes egin zien txartelak. Donostiarrak izango dira final-laurdenetan.