Aurtengo AKE eguna ekainaren 1ean ospatuko da eta gorriz janztea eskatu dute

Joseba Lezeta
JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Antzuola Kirol Elkarteak ekainaren 1ean, zapatua, ospatuko du aurten klubaren eguna. Herria gorriz janzteko erronka jarri dio gainera bere buruari zuzendaritza batzordeak.

Egitaraua ere zehaztu dute: 10:00etan, beteranoen futbol partida Eztalan; 12:00etan, poteoa; 14:30ean, herri bazkaria; 17:00etan, sari banaketa; 18:30ean, elektrotxaranga. Bazkarirako txartelak salgai dituzte Aitz Garbi eta Gorosti tabernetan hil honen 24ra arte. Nagusienak 20 euro balio du eta umeenak, 10.

Hiru neurketa Eztalan

Futbol denboraldiak aurrera segitzen du bitartean. Gorengo mailako taldea Zestoan ariko da bihar arratsaldean, 18:00etan. Eztalan, berriz, hiru partida daude iragarrita gaur. Goizean, infantilek Arrasate hartuko dute 9:00etan eta kadeteek, berriz, Oñatiko Aloña Mendi B 11:30ean. Arratsaldean jubenilei helduko zaie txanda. Bergarari egingo diote aurre 16:30ean.