Artzain eta Atzegi egunek bat egingo dute bihar

Artaldeek protagonismoa dute Debagoieneko Artzain Egunean. / ALBERDI
Artaldeek protagonismoa dute Debagoieneko Artzain Egunean. / ALBERDI

Joseba Lezeta
JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Miren Amuriza eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin gaur arratsaldeko zazpi eta erdietatik aurrera egingo den kalejira biharko San Isidro ospakizunen gosegarria da. Zurrategi plazatik abiatuko dira, trikitilariek lagunduta.

Bihar, berriz, Debagoieneko Ar-tzain Egunak eta Atzegi Egunak bat egingo dute Antzuolan. Goizeko bederatzi eta erdietan hasi eta gauerdira arte luzatuko da festa.

Debagoieneko Artzain Egunaren zazpigarren edizioa da aurtengoa. Arrasaten hasi zen 2012an eta gero Oñatin, Bergaran, Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Elgetan ospatu zuten. Antzuolaren txanda da.

Bederatzi eta erdietan hasiko dira bildotsa burduntzian erretzen. Eguerdiko hamabi eta erdietan salduko dituzte pintxoak, batutako dirua herriko lau elkarteren artean banatuko delarik: Sagiri, Oinarin, Gaztetxea eta Ez dot moztuko bizarra.

Goizeko lehen ordutik abereak ikusgai egongo dira Herriko plazan. Kalebarren beteko dute, berriz, artisauek eta osterantzeko saltzaileak Zurrategin jarriko dira.

Hamarretan dute ordua ardi latxaren bila jolasak zein ahariaren pisua asmatzeko jokoak. Eguerdira arte iraungo dute biek. Hamaiketarako iragarri dute, bestalde, umeei artiletik harirako pausoa erakusteko tailerra. Ardi-ile mozte erakustaldia eta gazta dastaketa ere badituzte.

Atzegik, bere aldetik, batzarra du goizeko hamabiak laurden gutxiagotan Olaran etxean.

Hamabi eta erdietan omenaldia eskainiko zaie 75 urtetik gorako ar-tzainei. Eta ordu batean, Zurrategi plazan, aizkolariek enborrak mozteari ekingo diete. Irati Astondoa, Maika Ariztegi, Jesus Mari Mujika, Aratz Mugertza eta Eneko Saralegi, hau bost metroko altueran, ariko dira herri bazkaria baino lehen.

Arratsaldeko seietan San Isidro nesken pilota txapelketako finalei helduko zaie txanda. Eta gauean, Fan&Go taldearen erromeria (21:30) eta kontzertuak gaztetxean (23:00).