Arroza egingo dute jaietako gastronomia txapelketako parte-hartzaileek

Joseba Lezeta
JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Nahi den erara prestatu ahal izango da arroza aurtengo herriko jaietako gastronomia lehiaketan, uztailaren 13an, egubakoitza. Elkarteek, herritarrek, koadrilek zein saio honetarako osatutako taldeek parte hartu ahal izango dute ekitaldian. Izena emateko azken eguna datorren asteko egubakoitza da, uztailaren 6a. Udaletxera telefonoz deituz (943-766246) zein kultura@antzuola.eus e-mail helbidera idatziz eman daiteke horren berri.

Lehiaketa egunean, goizeko hamaiketarako Kalebarrengo arkupetara azaltzea eskatuko zaie taldeei eta 12:30erako gertu izan beharko dute arroza. Sari banaketaren ordua 13:00ak dira eta dastaketari ordu laurden geroago ekingo diote.

Arroza, gatza eta olioa Udalak jarriko ditu; baita sua ere, talde gehiegi ez bada aurkezten. Gainontzeko osagaiak, ontziak eta gainerako tresnak parte-hartzaile bakoitzak eroango ditu.

San Martzial jaiak

Lizarraga auzoko San Martzial jaiak gaur hasiko dira. Honako egitaraua dute.

Goizez: 10:00etan, txeplero jaurtitzea; 11:00etan, plater-tiroko probak; 11:30ean, meza; ondoren, gazta eta ardoa guztien-tzat eta trikitilariak.

Arratsaldez: 17:00etan, umeen jolasak; 18:30ean, txokolate jana; 20:00etan, herriko trikitilariak; 21:00ean, herri afaria.

Gauez: suzko erruberak, izozkia eta erromeria.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos