AED eta Txatxilipurdiren urteurrenak ospatzeko jaia egingo da zapatuan

Eguzkilaru. Haurrentzako ekintza ugari antolatzen ditu Txatxilipurdik urtean zehar. /  OLIDEN
Eguzkilaru. Haurrentzako ekintza ugari antolatzen ditu Txatxilipurdik urtean zehar. / OLIDEN

'Sei pistol & Trabuko bat' taldeak girotutako paella janerako sarrera ksalgai daude jada Ekin, AED eta Jai Zale tabernan

KEPA OLIDEN ARRASATE.

Bi urteurren borobil ospatuko ditu Arrasate euskara elkarteen mugimenduak datorren larunbatean, hilak 23: AEDren 35. urteurrena eta Txatxilipurdiren 25.a. Eta herriko euskaltzale guztiak gonbidatzen dituzte beraiekin batera egunaz gozatzera.

Duela 35 urte, euskaraz bizitzeko gogoa eraman zuten Arrasateko euskaltzaleak batzera. Helburu horri segika, arrasto luzea utzi dute atzean. Hamaika egitasmo abiarazi dituzte, euskararentzat espazioak berreskuratu guran; dozenaka ekimen bultzatu, herriko entitateetan euskararen erabilera areagotzeko; milaka ekintza, euskaraz hazi, hezi, gozatu eta ahalduntzeko aukerak emanez... Eta, hori dena, ehunka bazkide konprometituren bultzadari esker.

Goiz partean, 11:30etik aurrera ekingo diote jaiari, Seber Altube plazan, askotariko egitarauekin: Muralarteko neskek gidatutako murala margotzea, herriko kontalariekin ipuin maratoia, zuzeneko irratsaioa...

Tartean, eguerdiko 12:00etan, Ekin elkartearen laguntzarekin garatu den 'Artean 3' erakusketa bisitatzeko aukera ere izango da, Sara Miguelez artistaren eskutik.

Bazkal aurretik, dantzei eta musikari egingo diete tartea. Batetik, Arrasateko Konpartsa kalejiran aterako da, 13:30 aldera, Seber Altuben, Arrostaitz eta Lore Gazteak taldeetako kideekin dantzaldia. Bestetik, indartsu datorren Ekiñe Casadok bakarkako kontzertua eskainiko digu gitarra lagun.

Bazkaria 14:30ean hasiko da. Menua, bertan prestatutako barazki-paella, postrea eta kafea izango dira. Txartelak AED, Ekin eta Jai Zalen eskura daitezke, 8euroren truke (AEDko bazkideek eta adin txikikoek, 5 eurotan). 'Sei pistols & Trabuko bat' taldeak girotuko du bazkalordua, betiko eta egungo euskal kantuekin.

Eta, ondoren, arratsaldeko programari helduko diote: denondako jolasak Txatxilipurdirekin, AEDko ekoiztutako 'Buah txabal!' antzezlana Jon Zubiaga 'Osoron' aktorearekin eta 'Konpost' taldearen kontzertua, Txerra Bolinaga RIPeko kidearen azkeneko ekimen musikala.

Gozatzeko eta ospatzeko eguna izango da, bai. Baina ez hori bakarrik, ez baitira gutxi euskaltzaleek aurrean dituzten erronkak.

Kontrako haizeak

Euskararen egoera, oro har, «AED sortu genuenean baino hobeagoa den arren, kontrako haizeak indartsu datoz oraindik ere». Orain arteko kemenarekin eusten jarraitzeko lain. «Gaitasunik ez zaigu falta. Ezta ilusiorik ere. Iraganean erakutsi dugu, eta baita berriki ere Euskaraldiarekin. Mugarri berri bat izan da gure jardunean. Baina 11 eguneko ariketak baino gehiago beharko dugu euskaraz biziko bagara. Batu gaitezen, bada. Saretu gaitezen, jarrai dezagun euskarari hauspoa ematen. Berandu barik, martxoaren 23an».

Más