'Naturan jolasteko' eguna, larunbatean

Monterron. Jolasgunea. /  DV
Monterron. Jolasgunea. / DV

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ARRASATE.

Gero eta kontaktu txikiagoa eta azalekoagoa dugu naturarekin eta joera honek eragin kaltegarriak ditu haur eta familiengan. Honetaz jabetuta, Txatxilipurdi elkarteak, Leintz Eskola Kirola, Besaide Mendi Elkarteak eta Gaztetxeko Haur zein Guraso Asanbladarekin batera 'Naturan jolasean' jaialdia antolatu dute etzi larubatean, maiatzak 18. Eguneko egitaraua aurrera eramateko aukeratutako espazio zentrala Monterron izango da. Hala ere, goizean burutuko duten dinamikak herriko beste natur espazio batzuk ere gurutzatuko ditu.

Egitaraua ondorengoa izango da. 10.30-12.30 bitarte 'Natur ginkana' Herriko Plazan hasita Santa Barbara parkean burutuko da. Ginkanaren helburua jolasa medio, Arrasateko espazio naturalak jolaserako baliatzea izango da. Ginkana hau Leintz Eskola Kirola eta Besaide M.E-ak dinamizatuko dute.

15.00etatik aurrera jolas libre espontaneoa. Monterronek eskaintzen duen espazio naturala aprobetxatuz eta bestelako material natural batzuk gehituta, jolas libre eta espontaneoaz gozatzeko aukera izango da bertan.

16.00etan oihal akrobazia tailerra. Bostak eta laurden taldeko kideen laguntzarekin oihalekin esperimentatu ahalko da. 17.30etan biodantza tailerra. Elen Kortaxarenak gidatutako biodantza saioan parte hartzeko aukera egongo da.

18.30etan kontzertu akustikoa. Olatz Urkia eta bere ikasleek emango duten kontzertuarekin emango diote amaiera jaialdiari.

Egitarau honekin haur, gaztetxo zein helduak naturgunean jolasean jartzea da asmoa. Natura pertsonon garapen integralerako iturri agortezina delako eta berau zaindu eta berreskuratu beharra dagoelako.