Liztor beltzen 40 kabi deuseztu dituzte jada

Inbaditzailea. Liztor beltza./
Inbaditzailea. Liztor beltza.

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOARRASATE.

Dagoeneko liztor beltzen 40 kabi deuseztu ditu udalak. Ardura hau daraman Xabier Herrarteren esanetan, garai honetatik aurrera liztorren kolonia nabarmen handitzen da, gero eta ume gehiago jaio eta langile gehiago prestatzen dira abaraskak egin, etxea handitu, larbak eta erregina elikatu eta atenditzeko.

Ondorioz, erreginak etengabe arraultzak jartzen jarduten du. Egoera honetan, kabiaren tamaina egunetik egunera handitzen joaten da eta pertsonen eta ingurumenarenganako arriskua areagotu egiten da, kontuan izanik, liztor beltza kanpoko espezie inbaditzaile gisara onartuta dagoela. Dena den, Herrartek dioenez, liztor beltza «ez da bereziki animalia erasokor eta oldarkorra, beti ere, ez bagara bere kabia edo koloniaren kontra jazartzen, eta hortaz, horrelako animalia bat inguruan sumatzen dugunean, lasaitasunez eta naturaltasunez jokatzen ahalegindu beharko ginateke».

Bestalde, aditu honek gogoratu du gure inguruan bueltaka darabilgun liztor espezie gehienak betidanik gurekin bizi izan direla eta gure ekosisteman katebegi bat gehiago direla. Bere ustez, «azken 8-10 urtetan liztor beltzaren kontra egin diren kanpainak, liztor espezie osoaren satanizazioa ekarri du eta gizartean nolabaiteko fobia edo beldurra zabaldu da». Hortaz, eta bide batez, gizarteari «lasaitasun» mezu bat elarazi nahi lioke Herrartek.

Bidebatez, aditu honek azpimarratu du horrelako zerbitzuetarako udalak baduela arduradun bat -bera, hain zuzen- eta udaltzainei 945 252 010 edo BAZera 943 250 00 deitzea gomendatzen dala.

Liztorren kabi desberdinak

Ezkerreko argazkia liztor beltzaren bigarren mailako kabiarena da, edo kabi sekundarioa.

Eskumakoa, aldiz, 'alfarera' deritzan bertako liztorrarena da. Liztor honek «lurra, harri txikiak eta ura baliatuz egiten du kabia, eta besteak ez bezala, ez da kabian bizi, arraultzak jarri, jatekoa sartu eta kanpotik kabia erabat zigilatzen du». Xabier Herrartek dio «arraultzeak larba bihurtzen direnean aurrez amak harrapatu eta bildutako hamarratz eta beste intsektu batzuk jan eta hazten dira». Garaia dutenean kabia zulatu eta beraien zikloa hasten dute.