Gazteentzako sormen laborategiak

Elkarlana. Amaia Etxaba Txatxilipurdiko zuzendaria Ttak taldeko kide batzuekin. / OLIDEN
Elkarlana. Amaia Etxaba Txatxilipurdiko zuzendaria Ttak taldeko kide batzuekin. / OLIDEN

Ttak-ek eta Txatxilipurdik 15-19 urtekoentzako lau tailer artistiko antolatu dituzte | Antzerki, ikus-entzunezko, arte plastiko eta musikan sormena trebatuko dute Euskal Herriko artista erreferenteen eskutik

KEPA OLIDEN ARRASATE.

Gazteen sormena trebatu eta lantzeko egitasmoa jarri dute abian Ttak-ek eta Txatxilipurdik. 'Ausortu' izena jarri diote, ausartu eta sortu hitzak uztartuz, eta udazkenean zehar 15-19 urtekoei zuzendutako lau tailer artistiko ekarriko ditu Etxaluze eraikinera. Saioen gidari Arrasateko, bailarako eta Euskal Herriko artista erreferenteak etorriko dira.

'Ausortu' gazteentzako sormen laborategiak adin horretako neska-mutilei zuzendutako ekintzetan zegoen «hutsunea» betetzera datoz. AEDko Ttak gazte taldeak eta Txatxilipurdi aisialdi elkarteak 'Ausortu' ekimena bultzatu dute 15-19 urteko gazteei diziplina artistiko ezberdinetara hurbiltzeko. Arte plastikoak, ikusentzunezkoak, arte eszenikoak eta musika landuko dituzte egun bateko lau laborategitan urrian eta azaroan. Saio horietan, praktikatik eta lagunarteko giro atseginean diziplina bakoitzean barneratzeko aukera izango dute parte hartzen duten gazteek.

Arte plastikoak

Arte plastikoen laborategia Helena Azkarragaurizar eta Joana Manzisidor arrasatearrek dinamizatuko dute urriaren 20an. Biek grafika, diseinua, graffitia eta ilustrazio lanak egiten dituzte bakarka zein taldean. 'Zikindu /aukeratu / kalera' izenburua izango du beraiek gidatuko duten laborategiak. Bertan pintura eta marrazketa saioak egingo dituzteformatu handian. Dinamika ezberdinen bitartez fondoak sartuko dituzte, kartel, fanzine eta pankartetarako lehengai original gisa erabiltzeko.

Urriaren 27an Ekaitz Filarmendi Urrutia eta ltziar Bastarrika Madinabeitiaren txanda izango da. Ekaitz eta Itziar argazkilari profesionalak dira eta egun argazkilaritzarekin eta ikus-entzunezko munduarekin lotutako hainbat esparrutan dihardute lanean. 'Argazkigintza estenopeikoan' ardaztutako tailerra eskainiko dute.

Parte hartzaile bakoitzak bere kamera propioa sortuko du eta honekin argazkiak egingo ditu. Modu analagikoan egingo dute prozesu hau: eskuz sortu kamerak eta laborategia erabiliko dute egindako argazkiak errebelatzeko. Ondoren, lortutako emaitzak digitalizatu egingo dituzte modu digitalean erabili nahi dituenarentzat.

Kepa Errasti eta Izaro

Kepa Errasti Gorroño aktorearekin arte eszenikoetara hurbilduko dira gazteak. Antzerkian, telebistan zein zineman hainbat aktore eta gidoilari lan egin ditu aretxabaletarrak. Azken urteotan antzerkian dihardu batez ere eta arazoaren 10ekoa antzerki tailerra gidatuko du Ausartu egitasmoaren baitan.

Gainera, antzerkiaren mundura gerturatuko dira aktore/sortzailearen lekutik. Aktorea bera sortzailea den neurrian istorio eta egoerak kontatzen saiatuko dira, inprobisazio eta ariketa ezberdinetatik abiatuta.

Azkenik, Izaro Andres Zelaieta musikaria izango da laugarren gonbidatua. Mallabiar musikariak 4 urte oparo daramatza ibilbide musikalean murgilduta eta bidaia hori oinarri hartuta 'Musika sormenaren abenturara bidaia' tailerra gidatuko du azaroak 24ean.

Egun osoko tailerrak direnez, bazkaria Jai Zalen egingo dute elkarrekin. Tailer bakoitzean 20 gaztek parte hartu ahal izango dute gehienez. Saio bakoitza 15 euro. Izena emateko https://labur.eus/1l8Kx edo Txatxilipurdi (943795446) / AED (943771228).

Más

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos