Euskarazko proiekturik onenaren saria Ander Jauregik irabazi du

Sariduna. Ander Jauregik 1.500 euroko saria jaso zuen. / DV
Sariduna. Ander Jauregik 1.500 euroko saria jaso zuen. / DV

Goi Eskola Politekniko ikasleak bihurgailu multifasea garatu du IK4-Ikerlanentzat | Guztira 198 proiektu egin dira euskaraz Mondragon Unibertsitatean eta horietako 20 onenan ebaluatu dira sarirako

DV ARRASATE.

Euskaraz egindako ikasketa-amaierako proiekturik onenaren saria Ander Jauregi Goñi Goi Eskola Politeknikoko ikasleak irabazi du. Energia eta Potentzia Elektronikako unibertsitate masterrean IK-4 Ikerlanentzat egindako 'Bihurgailu multifase baten diseinua eta garapena' lanagatik eman diote 1.500 euroko saria.

Sariok duela zazpi urte sortu ziren, Mondragon Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, Mondragon Unibertsitateko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten.

Mondragon Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta fakultateetako kideez osatua, sariak abian jartzeko. Hala, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik eta Korporazioko batek osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzte.

198 proiektu euskaraz

Guztira 198 proiektu egin dira euskaraz Mondragon Unibertsitatean, eta horietako 20 onenak ebaluatu dira sarirako, Enpresagintza Fakultatetik, Goi Eskola Politeknikotik eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatetik. Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko-akademiko handia dute, eta euskaraz ongien idatzitakoa izan da saritua.

Epaimahaia osatzen duten fakultate bakoitzeko kideak hauek izan dira: Eneko Bidegain eta Karmele Perez (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Rafael Altuna eta Miriam Leibar (Enpresagintza Fakultatea), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Goi Eskola Politeknikoa), eta Ander Etxeberria (Mondragon Korporazioa).

Proiektuak sakon aztertu ondoren, epaimahaikideak ados jarri dira puntuazioa eman eta sariduna aukeratzeko orduan.

Sariduna

Goi Eskola Politeknikoko Ander Jauregi Goñik egin duen proiektuaren izena eta xedea hau da: 'Bihurgailu multifase baten diseinua eta garapena'. Lehenik eta behin teknologiaren gaur egungo egoera aztertu da ikerketa publikazioetan oinarriturik, diseinu egoki bat burutu ahal izateko. Simulazio bitartez aurkeztu dira diseinurako irizpideak eta beraien egokitasuna, bihurgailua osatuko duten elementu guztien aukeraketa justifikatzeko. Jarraian, hautatutako osagaien disposizioa definitu da diseinu mekaniko egoki bat lortzeko. Bihurgailuaren diseinu orokorra kontutan harturik kontrol egoki bat eta berau inplementatzeko interfazeak definitu dira. Azkenik proiektuaren emaitzak aurkeztu eta etorkizunerako ildoak proposatu dira.

Más

 

Fotos

Vídeos