Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Irabazleak. Azkue eta Etxebarria, beraien tutore eta unibertsitate eta Korporazioko ordezkariekin. DV
Euskarazko graduko lan onenak

Euskarazko graduko lan onenak

Goi Eskola Politekniko bi ikaslek jaso dituzte MU eta Korporazioaren sariak | Lehen saria Markel Azkuek irabazi du Ikerlanentzako lan batekin eta Nagore Etxebarriak bigarrena Arrasatentzako lanarekin

KEPA OLIDEN

ARRASATE.

Martes, 21 de mayo 2019, 00:22

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Goi Eskola Politeknikoko bi ikaslek irabazi dituzte Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak euskaraz egindako gradu-amaierako proiekturik onenen sariak. Lehen sariaren irabazlea Markel Azkue Etxeandia donostiarra izan da, Ikerlanentzat egindako 'Aplikazio industrialetarako energiaren biltegiratze-sistema hibridoen analisia' lanagatik eta 1.500 euro eskuratu ditu.

Bigarren sariaren irabazlea Nagore Etxebarria Altuna arrasatearra izan da, Fagor Arrasaterentzat egindako proiektu honengatik: 'Formatu kargatzailea eta elikapen lerroa uztartzen dituen prentsa baten elikapen sistemaren diseinua'. Kasu honetan, 500 euroko saria eman diote.

Sariok duela zortzi urte sortu ziren, Mondragon Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, Mondragon Unibertsitateko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten. Mondragon Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Unibertsitateko kideez osatua, sariak abian jartzeko. Hala, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik eta Korporazioko batek osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzte.

Guztira 582 proiektu garatu dira Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Horietatik 187 euskaraz egin dira, alegia, %32.

Mondragoneko kooperatibetan 120 proiektu landu dira eta bertan euskaraz garatutako 22 proiektuek parte hartu dute lehiaketan. Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko handia dute, eta euskaraz ongien idatzitakoak izan dira sarituak.

Epaimahaia osatzen duten fakultate bakoitzeko kideak hauek izan dira: Eneko Bidegain eta Karmele Perez (HUHEZI), Rafael Altuna eta Miriam Leibar (Enpresagintza), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Ander Etxeberria (Mondragon Korporazioa). Proiektuak sakon aztertu ondoren, epaimahaikideak ados jarri dira puntuazioa eman eta saridunak aukeratzeko orduan.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios