Euskaraz «lagun artean eta giro ezin hobean» hitz egiteko egitasmoa

Kulturate. Mintzapraktika programa antolatzen duten erakundeen ordezkarien agerraldia./DV
Kulturate. Mintzapraktika programa antolatzen duten erakundeen ordezkarien agerraldia. / DV

Mintzapraktika hiru edo lau laguneko taldetan elkartuta egiten da eta astean ordu betez elkartzen dira Mintzapraktika programa mintzalagunen kopurua igotzeko asmoarekin hasiko da

KEPA OLIDENARRASATE.

Euskaltzaleak «euskaraz lagunartean, modu eranginkorrean eta giro ezin hobean» hitz egitera gonbidatu ditu beste behin ere Debagoieneko Mintzapraktika programak. Aurreko urteetan bezala, aurten ere martxan jarri dute eskualdean egitasmo hau, oraingoan 'TÚtik GUra. Ongi etorri Mintzalagunon Mundura' leloarekin.

Euskaraz bizi nahi dutelako, beldurrei aurre egin nahi dietelako, ahaztutakoak berriz gogorarazteko edota euskaraz gozatzeko, arrazoi ezberdinak medio, gaur egun 22 herrialde desberdinetan 6.000 lagun baino gehiagok hartzen dute parte egitasmo honetan, «eta urte honetan kopuru hori igotzeko asmoa» dagoela diote Debagoieneko euskara elkarteek.

Mintzapraktika hiruzpalau laguneko taldetan elkartuta egiten da eta parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea.

Tarteka tarteka, ekintza osagarriak ere antolatzen dira, egitasmoan parte hartzen duten talde desberdinetako partaideak elkar ezagutzeko: mendi eta kultur irteerak, afariak eta Euskal Herri mailan Mintza eguna bezalako jai eta ekintzak.

Egitasmo hauetan parte hartzera gonbidatzen dute ikasle, gazte, irakasle, aiton-amona, guraso, langile, langabetu eta orohar bere buruari erronka txiki bat jarri nahi dion herritar oro, «denon artean posible baita hizkuntza komunitatea indartu eta egonkortzea».

Mintzalagunen komunitatea ez da soilik elkarrekin euskaraz hitz egiteko tartea, baizik eta esperientziaz, bizipenez eta emozioez osoturiko mundu zabal bat. Denek dute amankomuneko helburu bat, aisialdian euskaraz gozatzea, baina denborak aurrera egin ahala hizkuntzaz haratago doazen beste emozio eta bizipen batzuekin egiten dute topo mintzalagunek.

Elkarrekin bizi dituzten esperientziak eta sentsazioak batzen dituzte bidelagunak eta bidelariak ikusiezinezko lotura eta harreman sendoak sortuz, komunitate bat izatetik mundu berri bat eratuz. Askok, egitasmoaren helburua bete ostean ere elkartzen jarraitzen dute.

Partaide izan nahi duenak edo informazio gehiago nahi duenak antolatzaile diren erakunde hauetakoren batera jo dezake: Arrasaten, AED elkartea 943 77 12 28/zaharberri@aedelkartea.eus; Bergaran, Jardun euskara elkartea, 943763661 / 605712469 jardunkultura@topagunea.com; Aretxabaletan, Loramendi elkartea, 943 77 09 70 /auzoko@loramendielkartea.eus.

Más