Eraso! taldeak joko du Kooltur Ostegunean

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ARRASATE.

Kooltur Osteguna ostiralera ere luzatuko da aste honetan. Kontzertu bana izango dira bai bihar ostegunean eta baita etzi ostiralean gaztetxean Kooltur Ostegunak ekimenaren baitan. Osteguneko saioa Eraso! taldeak emango du 22.00etan hasita eta, ostiralekoan, berriz, Sumision City Blues eta Señor No taldeak arituko dira 22.30etatik aurrera. Ikuskizun bat izango da.

Eraso! Zarauzko talde beteranoa da (25 urte betetzear daude), luzaroan thrashean murgilduta egon ostean, gerora, sustraiak ahaztu gabe, bestelako koordenadatan ere dotore igeri egin izan eta egiten duena. Zazpigarren disko luzea, 'Inoren lurretan' argitaratu berritan daude eta berorren izenak ondo definitzen du taldearen posizioa: hanka bat metalean, beste bat rockean, beraien bide propioa irmotasunez eta koherentziaz eginez.

Sasoi betean dago taldea bai konposizioan eta baita ematen dituzten zuzenekoetan ere.

Ostiral honetan, urtarrilak 11, Sumision City Blues eta Señor No taldeak izango dira Gaztetxean 22.30ean bere potentziala erakusten.

Sumision City Blues talde gasteiztarrak eta Señor No donostiarrak erdi bana kaleratu duten singlea aitzaki ederra hartuta, kon- tzertu izerditsua egingo dute beraientzat plaza kuttuna den Arrasateko Gaztetxean.

Punk-rocka

Señor No Donostiako punk-rock eta high-energy talde beteranoa da. Xabi Garrek gidatuta disko ugari eta ehunka zuzeneko gartsu egin dituzte, klasikoak diren beraien kantuak lagun. Australiatik bira luzea egin ostean, bueltan datoz oso gustuko duten plazara.

Sumision City Blues Gasteizen sortutako rock talde ezohikoa da, emaitza oso interesgarri eta borobila erdiesten duena. Donostiarrek baino ibilbide motzagoa baina rocka zentzu gordinenean zainetan daramate hauek ere, eta horixe da, hain zuzen ere, zuzenean eskain- tzen dutena.