Erakusketa eta hitzaldia Txalaparta festaren atarian

ARRASATE.

Ttakun Txalaparta Elkarteak erakusketa irekiko du etzi asteartean Kulturateko Jokin Zaitegi gelan 17.30ean eta ondoren hitzaldia izango da bertan. 'Txalapartak nola egin. Materialak' gaiaz jardungo dute.

Uztailak 7an ospatuko den Txalaparta Egunaren atariko ekitzen baitan, eguaztenean, hilak 4an, beste hitzaldi bat izango da leku eta ordu berean. Bigarren saio honetako gaia 'txalapartaren idazketa eta adibideak' da eta hizlaria Sergio Lamuedra izango da, Zurartean Txalaparta Elkarteko kidea.

Datorren larunbateko Txalaparta Festa 10.00etan hasiko da dianarekin. 11.00etan txalaparta saio libreak egongo dira Herriko plazan, eta baita pintxoak eta tragoak.

Udalpe elkartean herri bazkaria antolatu dute eta txartelak aurrez salgai egongo dira hitzaldietan.

Arratsaldeko 18.00etan hasita txalapartari, albokari eta bertsolariak arituko dira: Aramaioko eta Arrasateko txalapartariak Iturriotz tabernan; Aretxabaletakoak eta Arrasatekoak Arbolpatan (18.30), eta Arrasatekoak eta Zumarragakoak parrokian (19.00).

Azkenik Hutsun taldeak 'Hutsa' ikuskizuna eskeiniko du Herriko plazan 20.00etan. 'Hutsa' txalaparta tradizionala eta garaikidea lotzen dituen ibilbide musikatu bat da.

Txalapartaren historia eta garapena azaldu eta musikatzeaz gain, kirikoketa eta tobera ere azaltzen dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos