Elkartasun Egunak kontzertuak eta presoen aldeko aldarria uztartuko ditu larunbatean

Kulturate. Elkartasun Eguneko egitaraua aurkezten. /  MONDRABERRI
Kulturate. Elkartasun Eguneko egitaraua aurkezten. / MONDRABERRI

ARRASATE.

Hamalaugarren Elkartasun Egunak musika eta euskal presoen aldeko aldarria uztartuko ditu etzi larunbatean. «Zoritxarrez jaialdi hau antolatzeko arrazoiak ugariak jarraitzen dute izaten», adierazi zuten antolatzaileek. «Senideengandik ehunka eta milaka kilometrotara sakabanatuak eta isolatuak jarraitzen duten 248 euskal preso politikoen» artean Arrasateko 2 gogora ekarriko dituzte bereziki: Josu Arkauz, 62 urte, «28 urtetako kartzela zigorra beteta, libre egon beharko luke baina 2022ra arteko zigorra ezarrita» daukana, eta Unai Parot, 61 urte, 29 urtetako kartzela zigorra beteta, 2031-ra arteko zigorra ezarrita» daukana.

«Mendekuan oinarritzen den» espetxe politika hau aldatzeko premia bultzatzeko jaialdi oparoa antolatu dute zapaturako. Egitaraua 11.00etan irekiko du Biteri plazan umeen txokoak, tailer eta jolasekin. Bertan 12.00etan Txerrikumeak taldeak joko du.

Urtero lez, hainbat talderen kontzertuak programatu dituzte taberna ezberdinetan: 12.45ean Iratin, WC; Ezkiñan, Leire eta Eider; Montenean, Letagin, eta Basatin, Tilikum.

14.30ean bazkari herrikoia egingo da Biterin (tiketak, Iratin eta Montenean). 17.00etan DAT-en, Rebel Noise; Osoriken, Kobrazulo, Jaizalen, Lokuria, eta Taupan, Libertad Condicional. 18.00etan Muxibarren, Bloom; Iluntzen, No Limits; Etxosten, Lee-Kore; Hoban, Julene eta Irati; Brankan, Goi&Bego. 18.45ean Kajoi-Itzalan, Leike.

19.30etako manifestazioaren ostean, Gaztetxean Sindy Berbenas, Crap! eta Kass taldeak arituko dira 22.00etan (5 euro), eta 2.30etik aurrera dj festa Balza Brothers, Ion Brown/Yon Garaizabal eta Odei / Mayo / David Vallesekin.