'Ausortu' sormen laborategien bigarren ekitaldia urtarrilean eta otsailean egingo da

ARRASATE.

Txatxilipurdi elkarteak eta AEDko Ttak! Gazte taldeak 15-25 urteko gazteei urte berriari 'ausortzen' ekitea proposatzen diete. Bi laborategi berri aukeran, puntako sortzaileek gidatuta, gazteek barruan daramaten sortzailea azaleratzeko.

Lehenengoko saioan (urtarrilak 19), ikus-entzunezkoen esparruan murgilduko dira, Itziar Bastarrika eta Ekaitz Filarmendi artistekin. 'Argazkilaritza estenopeikoa' ezagutuko dute, hau da, egunero erabiltzen ditugun kamera digitalen funtzionamendurako giltza.

Kamera propioa sortzen

Norberak kamera propioa sortuko du eta, horrekin, modu analogikoan argazkiak egiten ikasi. Emaitza errebelatzen eta digitalizatzen ere trebatuko dira, laborategian egindakoa gordetzeko aukera izan dezaten partehartzaileek.

Bigarren laborategian (otsailak 2) Kepa Errasti aktoreak arte eszenikoetara hurbilduko ditu. Aktoreak sortzaile ere badiren neurrian, istorioak eta egoerak kontatzen gozatuko dute, joko, inprobisazio eta ariketa ezberdinetatik abiatuta.

Bi saioak egun osokoak izango dira, 11:00etatik 19:00etara, parte hartzeek elkarrekin bazkaltzeko tartea egongo delarik. Prezioa, 15 euro saio bakoitzeko, bazkaria barne.

Izena emateko jo, AEDra, Txatxilipurdira edo lotura honetara: https://labur.eus/1l8Kx.

Sormena sustatzeko

'Ausortu' AEDko gazteek eta Txatxilipurdi elkarteak lankidetzan kaleratutako ekimena da.

Gazteen sormena sustatzea du helburu. Berezko duten sormen hori azaleratu, landu eta plazaratzea, horretarako diziplina ezberdinak probatzeko aukera emanez, modu gozagarrian eta puntako profesionalek gidatuta.

Udazkenetik

Udazkenean jarri zuten abian, beste bi tailerrekin: arte-plastikoei buruzkoa, Helena Azkarraga-Urizar eta Joana Mancisidorrekin, eta musikagintzari buruzkoa, Izaro Andresekin. Orain eskaintzen dituzten bi laborategiak haien jarraipena dira eta orain arte izandako emaitza bikaina ikusita azkenak ere ez dira izango.