«Alejandro Malberi gizon errebelde eta ausartaren errespetua zor zaio»

Joseba Garitaonadia eta Marixol Iparragirrek idatzi zuten 'Malbe' liburua, lehenak Arrasatetik eta bigarrenak Réauko kartzelatik./
Joseba Garitaonadia eta Marixol Iparragirrek idatzi zuten 'Malbe' liburua, lehenak Arrasatetik eta bigarrenak Réauko kartzelatik.

Joseba Garitaonandia eta Marixol Iparragirre Malberen liburuaren egilekideak | 'Malberen irakaspenak' izango ditu berbagai Joseba Garitaonandiak datorren asteartean Kulturaten (19.00) emango duen hitzaldian

KEPA OLIDEN ARRASATE.

Joseba Garitaonadiak Malberen bizitzaz eta borrokaz hi- tzegingo du datorren asteartean Kulturaten Arrasate Zientzia Elkarteko zikloaren itxierako hitzaldian. Berak eta Marixol Iparragirrek duela 10 urte idatzi zuten bedoñar artzain honen azalpen biografikoan agerikoa da Malbek sutsuki defendatu zituela aintzinako herri-lurretatik eratorritako eskubideak.

- Alejandro Iturbe Arana 'Malbe', nor izan zen?

- Duela 54 urte hil zen, iragan mendeko pertsonaia herritar bat da, 1888an jaioa. Alejandro Arrasateko Bidasoro baserrian jaio eta Bedoñako Magalbe baserrian hazi zen, hortik datorkio 'Malbe' goitizena.

- Zerk bultzatu zintuzteten pertsonaia honetaz idaztera?

- 'Malbe' txikitatik izan da erreferentzia bat guretzat. Etxeko handiek egiten zituzten aipamenen atzean gizon errebeldeari edota ausartari zor zaion errespetua zegoela senti- tzen genuen. Kontatzen edo aipa-tzen ziren gehienak anekdotak baino ez ziren, baina bazegoen berak aldarrikatzen zuen 'Aguas y Pastos libres' esaldia tartean. Gure 'Malbek' ekologistei aurrea hartu ote zien galdetzen genion gure buruari. Zer ote zen esaldi hori?

Marixol: Josebak proposatu zidan materiala biltzen hasi eta horrekin zerbait egin genezakeela. Kartzelan egonda eginbehar interesgarria eta polita izan zitekeen gainera. Proiektua Malberi buruz bildu genezakeena bildu eta bailarako jendeari transmititzea zen, eta bide batez, pozez betetzen gaituen hau: Malberen oroitzapena bizirik mantentzea.

- Pertsonaia polemikoa izan zen eta liskar eta auzi ugari izan zituen.

- Bai, nonbait ez zion beldurrik talkari! 'Aguas y pastos libres' XIX. mendeko udal erabakien testuetan ageri den esaldi bat da. Herri-lurrak saltzerakoan jarritako baldintzetako bat zen. Hau da: behin lurrak saldu eta esku pribatuetara pasatu arren bertako belarra eta ura herritar guztientzat eskura mantendu behar zela aseguratu nahi zuten esaldi horrekin. Malberen inguruko lur jabeek horren berri zutenik ez dugu aurkitu, baina Alejandrok bazekien hori horrela izan behar zela eta arau hori jarraituz bizi nahi zuen.

- Malbe artzaina zen eta ez nekazaria.

- Bai, Malbe artzaina zen, kontzienteki hartutako erabakia dela uste dugu. Halere bera baserritarra zen, ortua lantzen zuen, garia ereiten etxe aurreko solo aldapatsuan, inoiz tabakoa ere ereindakoa omen zen...

Ardiak zituen, baina baita oiloak, ahateak eta behiak ere. Baina Magalbeko lurrak ez dira oso onak laborari lanerako, harkaitza asko dago etxe inguruan. Baina bai, bere diru iturri nagusia ardiak ziren. Galdera honi tiraka ia liburua azalduko genizueke! Gauzen zergatia ulertu nahian hari batetik tira egin eta... Zenbat gauza agertzen diren! Garaian kokatzen bagara aipatu behar dugu baserritar gehienek lantegietara jotzea erabaki zutela baina berak baserriko lanetan jarraitzea erabaki zuela. Lantegietan emakumeak, gizonezkoak eta haurrak ere aritzen ziren XX. mende hasieran, oso baldintza gogorretan. 'Malbe' errebeldeegia zen lantegi bateko erritmo eta baldintzak onartzeko.

Baserriak oraindik bere funtzio ekonomikoa betetzen jarraitzen bazuen, fabriketatik bueltan edo etxean geratutakoen (gehienetan emakumezkoak) ahaleginari esker zen. Pentsa dezakegu fabrikan lanean ari zirenek landu gabe utzitako lur sail horietan gustura ibiliko zela 'Malbe' bere ardi edota behiekin, baina Malberen amorrurako denean pinua sartzen hasi ziren baserritarrak, erraz, Aldundiak bultzatuta. Errematerako aurkikuntza sinple bezain efikaza zen alanbrea ekarri zen itxiturak egiteko, lur sailetan sartzea ekidinez. Pribatizatu berri zena oraindik pribatuago eginez.

- Janarekin ere ez ei zen oso mizkina. Behin, sugea jan zuen, eta oso berea zuen esaera: ¿Estira de la pata y no sale? ¡Vale!' okela jateko.

- Bai, horiek dira gehien hedatu diren istorioak. Ez da ez zela oso mizkina, oso ausarta zen! Guretzat haragi ustela litzatekeena ere jaten zuen berak. Berak zioenez hezurretik tira eta oraindik haragiari lotuta jarraitzen bazuen jangarria zen okela. Sugearena polita da ere! Ba omen zituen bere zalantzak, lehenik txakurrari eman omen zion jaten, zain egon eta ez ziola ezer arrarorik ikusten eta berak ere jan zuen, baina denbora pasa ahala txakurra gero eta okerrago! Azkenean txakurra hil baina bera bizirik! Nahiz eta gorriak pasatu omen zituen! Eszena politak erreskatatu genituen, adibidez lagunari bazkaltzen eman ondoren eltzeko haragia nondik hartua zuen erakutsi zionekoa: hilda aurkitutako ardia zuen zintzilik etxeko txoko batean, eta lurrean, itzulinguruka oiloak haragitik erortzen ziren harrak jaten.

- Malbe baserria erre eta etxearen hondakinetan bizi izan zen, ezta?

- Bai, horrela kontatu digute. Bere ilobak kontatu zigun nola zaindu zuen azken hatsa botatzear zela etxea erre ondoren zutik geratutako hormen artean. Aspaldiko Magalbe baserri txiki bat omen zen eta Malbek bere anaiekin dena berritu eta edertu ondoren gertatu zen istripua. Berak bertan moldatu zuen bere txokoa eta bertan jarraitu zuen, oso baldintza prekarioetan seguru.

- Nola moldatu zineten ikerketa egin eta liburua idazteko Marixol Iparragirre Frantzian kartzelan egonik?

- Joan etorri askorekin! Pazientzia handia ere! Garai hartan oraindik dosierra irekita zuen eta gutunek hilabeteak pasa zezaketen bidean, baina azkenean lortu genuen bisita baimena eta horrek dena azeleratu zuen. Malberekin, berari buruzko informazioa bilatzeko elkarrizketatutakoekin bizi ginen! Oso esperientzia polita eta batez ere aberasgarria izan zen. Josebak lekukoak eta lekuko- tzak bildu zituen, artxiboak arakatu, argazkiak egin... Hori guztia ezinezkoa zen Marixolentzat, baina behin hori guztia bilduta berdin zuen non egin lana.

- Aurkezpenean Marixolek ere hi-tza hartuko du ikus-entzunezko baten bitartez.

- Aurkituko dugu modua berak ere parte har dezan dagoen lekutik. Malbek gauza zailagoak egin zituen, seguru!

 

Fotos

Vídeos