Aitor Sarasuari omenaldi Aretxabaletan

Sarasua artxiboko irudian/
Sarasua artxiboko irudian

Iazko azaroan hil zen bertsolariak beste diziplina batzuk ere landu zituen, eta horiekin denekin 'Hegotik iparralderantz' ikuskizuna prestatu dute

DVDonostia

Larunbat honetan, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian, 'Hegotik iparrerantz' ikuskizuna eskainiko da, 18:00etan hasita. Iazko azaroan hil zen Aitor Sarasua bertsolaria gogoratu eta omentzeko izango da, eta biltzen den dirua Von Hippel Lindau sindromea ikertzen duen Sendabide fundaziora bideratuko dute, hain zuzen ere gaitz hori izan baitzuen Sarasuak.

Antolaketa lanean haren lagun batzuk jardun dira, eta herriko Bertso Eskola, Loramendi Euskara Elkartea eta Udala. Adierazi dutenez, helburu nagusia ez da dirua biltzea, baizik eta Aitor omendu eta gaixotasun hau mahai gainean ipintzea. VHL sindromeak tumoreak eragiten ditu gaixoarengan, eta gaitz bakana da; 36.000 biztanletik bati eragiten dio.

Aretxabaletan jaio zen Aitor Sarasua Maritxalar, 1967an. Sorterritik Lapurdira joan zen bizi izatera, Itxasura, eta bertsolaritza irakasten eta sustatzen jardun zuen bi hamarkadatan. Jon Sarasuaren anaia zen.

Larunbateko ekitaldian, Aitorrek landu zituen diziplinak eta harekin harremana izan zuten pertsonak bilduko dituzte, Hegoaldeko nahiz Iparraldeko lagunak ariko direlarik. Bi orduko saioa izango da.

Bertsoak ez dira ardatza izango, baina horiek izango dira ardatzetako bat. Alde batetik, antzerkia egongo da ekitaldian, eta Ildoka konpainiako kideak igoko dira oholtzara. Kontuan izan behar da antzezlanak idatzitakoa zela Aitor, eta antzerkilariekin harreman sakona izan zuela.

Gainera, hitzak idatzi zizkien zenbait musikariri, eta Aretxabaletan horietako batzuk ariko dira: Mixel Ducau, Caroline Phillips, Maitena Beheran eta Xebastian Sedez. Dantzari ere jardun zuen, eta arlo horretan egin zuen bidea gogoratzeko Loramendi eta Leizarra dantza taldeak ariko dira.

Bertsolariei dagokienez, saio txiki bat egingo dute Miren Artetxek, Andoni Egañak, Amets Arzallusek eta Ainhoa Agirreazaldegik. Zazpiehun lagunentzako lekua egongo da. Sarrerak bost euroan salduko dira, eta bi eratara eskuratu ahal izango dira. Alde batetik, egunean bertan kiroldegiko leihatilara joanda, 17:00etatik aurrera; bestetik, Arkupe kultur etxera deituta (943 08 10 01), baina bide hau erabiltzen dutenek kontuan izan behar dute sarrerak derrigor bihar hartu beharko dira kiroldegiko leihatilan, 16:30etik 17:00etara bitartean, sobera geratzen direnak salgai jarriko baitira.

Temas

Euskera