Asteazkenean zozketatuko dira Uparitzaga kaleko etxebizitzak

Etxebizitzen orubea, iazko uztailean egindako argazkian./
Etxebizitzen orubea, iazko uztailean egindako argazkian.

Babes ofizialeko etxebizitzon zozketa Gasteizen egingo da, publikorik gabe, baina internet bidez jarraitu ahal izango da

EL DIARIO VASCO

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Elgoibarko Udalarekin lankidetzan, babes ofizialeko 16 etxebizitza zozketatuko ditu aste honetan. Jabetza osoko salerosketako erregimena aplikatuko zaie Elgoibarko Uparitzaga kalean kokatutako babes ofizialeko etxebizitza horiei (Maala inguruan). Zozketa martxoaren 2an egingo da, goizeko 10:30ean, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitza nagusian. Pasa den 2015eko abuztuaren 14an sinatu zuten Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Elgoibarko Udalak lankidetza-hitzarmena, etxebizitzen esleipendunak hautatzeko xedearekin. Deialdian ezarritako betekizunen betetze-maila aztertuta, azkenean, 52 bizikidetza-unitate hautagaik parte hartu ahal izango dute zozketan.

Bi eta hiru logela dituzte etxebizitzek eta horiek esleitzeko garaian lehentasuna izango dute gutxienez azken bi urteetan Elgoibarren erroldatuta egon izana egiaztatzen dutenek, hitzarmenak ezarritakoaren arabera. Hiru logeletako etxebizitza bat adjudikazio-prozeduratik kanpo geratu da, ordezko bizitokia emateko erabiliko delako; bi logeletako bat ere kanpo geratu da, mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonei egokitutako etxebizitza delako. Esleipena notario-zozketaren bidez egingo da, publikorik gabe, baina streaming bidez emango du Irekiak webgunearen bitartez: www.irekia.euskadi.net.