

Secciones
Servicios
Destacamos
FELIX IBARGUTXI
Lunes, 15 de abril 2013, 10:29
Eric Dicharry antropologoak (Baiona, 1969) Le rire des Basques (Euskaldunen barrea) liburua plazaratu du, LHarmattan Pariseko argitaletxearen bidez. Jose Miguel Barandiaran Bekari esker egin du lana. Aste honetan aurkeztu du liburua Donostiako Koldo Mitxelenan, eta saio hori bukatutakoan berarekin mintzatu gara.
Zer diozu liburuan?
Zaila da bi urteko lan bat laburtzea. Gainera ikerketan buru belarri sartzerakoan emeki-emeki konturatzen nintzen barrea gai biziki konplexua zela. Hau da barrearen paradoxa. Alde batetik biziki sinplea da; bestetik, biziki konplexua ere bada. Barrearen bidez asko esaten da. Barrearen bidez, egoeraren, gizartearen, ekonomiaren eta politikaren irakurketa posible egiten da. Liburuan Euskal Herriko politikariak eta partidu politikoak aipatuak dira: Basagoiti, Lopez, Barcina, Azkarate, Brisson, Alliot-Marie, PP, PSOE, UMP, EAJ, MODEM, FN... Liburuan barrearen azpian dauden zentzu guztiak azpimarratuak dira. Barrea konplexua da. Zergatik? Testua eta ingurune edo testuingurua, persona eta gizartea, izate eta ingurumena, ideologia, hizkuntza, kultura eta gizartea elkartzen dituelako.
Zein dira umorearen mugak?
Sufrimendu gehiegi dagoenean bertsolariak ez du barre egiten, eta ez du irririk sortzen. Hori kontatu zidan Sustrai Colinak: «Gatazka politikoaren muinaz, erran nahi baita, jendearen sufrimenduaz, ez dut txisterik egiten. Batetik, publikoaren artean gatazka hori azalean sentitzen duen jendea badelako, bestetik nik ere hala sentitzen dudalako. Gainera, Espainia bezalako demokrazioa batean, Garzoni grazia egiten ez dion txiste batek oso urrutira eraman zai-tzake». Umorearen beste muga bat hizkun-tza bera izan daiteke. Umorea konprenitzeko, lehenik, euskara ontsa jakin behar da. Elgar ulermenik gabe ez dago ez irririk, ez ulermenik. Baina, batzuetan, hizkuntza menderatzea ez da nahikoa. Kultura eta umorea biziki lotuak baitira.
Aurkezpenean esan duzunez, lehengo bertsolariek autotrufa gehiago egiten zuten.
Oraingo egoera politikoan, besteei buruz barre egitea errazago da. Ez dakit Hegoaldean hala gertatzen den, baina Iparraldean ikusi dut gazteek ez bakarrik bertsolariek, jende arrunta baizik gero eta guttiago dakitela beren buruaz trufatzen. Gazteak jainkotu ditugu eta orain ezin ditugu desakralizatu. Euskara bezala: euskara ere sakralizatu dugu eta ba-tzuek, jakin bai, baina ez dira ausar-tzen erabiltzera. Sakralizatu duzunez, ezin duzu ukitu, ukiezina bilakatzen baita.
Umoreaz ari zarelarik, asko gogoratzen gara Mattin bertsolariaz. Bera, beharbada, umoretsu jarduten zen aldamenean oso gizon serioa zeukalako: Xalbador.
Hori da. Bi figura antagoniko baitziren. Xalbador biziki seriosa zen, eta uste dut Xalbadorrik gabe Mattinen umorea ez zela hainbeste agertuko.
Pertsona guztiak ez dira berdinak, batzuentzat barregarri dena beste batzuentzat ez da.
PPko militante baten umorea ez da PSOEko militante baten umorea izanen. Ezker abertzalekoaren umorea ez da PPkoarena. Batzuek eta besteek ez baitute ideología bera parteka-tzen. Jendeak ez du gauza beraz barre egiten ez baititu munduko ikuspegi bera, kontzepzio bera eta utopia bera partekatzen.
Esana duzu zure ikerketak hutsune bat betetzeko balioko duela.
Umorea biziki gutxi ikertu baita. Hor egon naiz Donostiako Koldo Mitxelenako liburutegian, eta liburutegia odolez betea dago. Liburutegietan usu dena da gerla, gatazka, arazo. Leku gutti dago umorearendako. Askoz gehiago ikertu dugu gerla, bakea baino. Barrelogia, umorelogia eta bakelogia sortzeko garaia da.
Pertsona umoretsua persona osoagoa eta garatuagoa da, ezta?
Milaka umore badituzu. Baduzu umore inteligente bat eta baduzu umore tetele bat ere. Baina epitumia-ra jotzen baduzu (badakizu, Platonen hitza da hori, eta aierazten du gerritik beherakoa) hor ez dago klase sozialik. Nik ez dut euskal umorea ikertu. Euskaldunen umorea ikertu dut. Hori biziki inportantea da. Nire analisiak pragmatikoak dira. Beti errealitate batetik abiatzen naiz eta ez abstrakzio batetik. Jende artean egon naiz. Baionan, Saran, Ustari-tzen, Zuberoan, Baxenafarroan, Donostian, Bilbon... Nire ikerketa nomada izan da. Jendearen barreak en-tzun ditut eta jendearen barrea ene ikerketaren abiapuntua izan da.
Anton Lukuren esanak ere ekarri dituzu liburura.
Baita ere Mattinenak, Xalbadorenak, Lujanbiorenak, Colinarenak, Arzallusenak, Alberdirenak, Payarenak, Bidegainenak... eta hamaika gehiago. Liburuak ia-ia 600 orrialde ditu. Lukuk esaten zuen : «Vaudevi-lle-ak eskuarki adulterioa dauka funts, frantsesek zapart egingarria atzematen dute. Euskaldunek beren emazte edo senarra besteek bezainbat tronpatzen dute, baina gauza hori drama idazteko materiala da, ez komedia. Dibortziora eramaten badu, etxea saldu behar delako menturaz». Beste anekdota bat kontatuko dizut: San Telmo museoan izan nintzenean emazte batekin hitz egin nuen. Esan zidan: «Berrikitan bereizi egin gara senarra eta biok. Nire senarra euskalduna zen eta umore gutxi zeukan». Galdetu nion: «Baina zuk euskara menderatzen duzu?» Ez omen zekien. Eta erantzun nion: «Agian, euskara jakin izan bazenu posible izango zenukeen zure senarrak baliatzen zuen umorea konprenitzea». Askotan, elebidunak gara, baina usu umorea ele bakar batean kokatzen da.
Euskaldunon umorea zenbateraino da desberdina?
Ez dugu desberdintsunaren fetitxismoan erori behar. Desberdintasunaren fetitxismoa faxismoaren aztarna da. Subjektu bat ezin da desberdintasunean bakarrik identifikatu. Euskaldunok badugu kontestu ezberdin bat, baina, bestetik, irria eta umorea unibertsalak dira. Irriak, euskaldunak munduko beste herritarrekin batzen gaitu. Horregatik da garrantzitsua irria ikertzea. Irriak gizon bakoitzeko gizadi islatzen digulako.
Esan duzu liburuaren aurkezpenean zure lana diziplinartekoa izan dela, eta unibertsitatean horrelako lan gutxi egiten dela.
Unibertsitateko departamenduak finko-finkoak dira. Transbertsaltasuna kontzeptu garaikide bat da. Milaka mihi gainean kokatzen da, baina errealitatean gutti praktikatzen da. Gero eta espezialisatuak baikara. Gai batzuk, barrea bezalakoak, urrutasun bat eskatzen dizute. Barreak ikuspegi transbertsal bat onartzea behartzen zaitu. Ikertzaileak irria eta umorea sakontzeko eta, oro har, ulertu ahal izateko ikuspuntu transbertsal bat erabili behar du. Etnologia, historia, semantika, semiologia, lexikologia, psikologia, pragmatika, hizkuntzalaritza, etnolinguistika denak beharrezkoak baitzaizkio iker-tzaileari. Ikertzaileak hitz/berba/eletik testuraino eta lexikotik diskurtsoraino jotzeko eta ikerketa maila desberdinak zehazteko ikuspuntu pluri-trans bat erabili behar du. Ikuspuntu pluri-transik gabe, ulertze orokorrik ez baitago.
Lana egiteko Barandiaran Bekaren laguntza izan duzu.
Eskerrak Barandiaran Fundazioa-ri eman didan askatasunagatik. Lanean hastean zara eta, orduan, zeure buruarekin hizketan hasten. Hain zuzen ere, hor sortu daiteke autozentsura. Demokrazietan, oro har, gero eta zentsura gutxiago eta autozentsura gehiago dago. Politikoen egurrezko lengoaia gizarteraino lerratu da. Diktadura isiltasunarekin doa. Demokrazia elearekin. Baina autozentsuratzen garenean demokraziari ez diogu oparirik emaiten. Demobulegokrazia batean bizi gara. Falta zaiguna «olerkiaren libertatea» deitzen da.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Siete años de un Renzo Piano enredado
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.