Hizkuntza-teknologia berrienak euskararen onurarako

BerbaTek ikerketa-proiektuaren aurreneko emaitzak

N. AZURMENDIUsurbil

Ikus-entzunezko piezak automatikoki euskaratzeko aukera; kontsulta bakar baten bitartez sekulako emaitza kopurua errekuperatzen duen bilatzaile semantikoa; ikaslearen esanetara jartzen den euskara irakasle birtuala... Ez da fantasia, egin daiteke, eta gaur goizean aurkeztu dituzte Elhuyar Fundazioaren egoitzan hori guztia egiten duten demoak. Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak; Edorta Larrauri, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataraitza eta Turismo Saileko Teknologia zuzendariak; Begoña Muruaga, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Euskara Sustatzeko zuzendariak eta Igor Leturia BerbaTek ikerketa-proiektuaren koordinatzaileak aurkeztu dituzten demo horiek laginak izan arren, ongi erakutsi dute noraino ari den iristen hizkuntza-, ahots- eta multimedia-teknologien inguruko elkarlana Euskal Herrian.

Ongi erakutsi dute, halaber, elkarlanaren emaitzek euskararen garapenean eta hizkuntza-industrien lehiakortasunean izan dezaketen eragina, azken batean ikerketa-lanari erabilera praktikoa ematea baita BerbaTek partzuergoaren helburua, euskararen eta hizkuntzari lotutako industrien onurarako. BerbaTek-eko kide Elhuyar Fundazioa, Vicomtech, Tecnalia eta EHUko IXA eta Aholab dira, eta bakoitzak bere espezializazio eremutik egin dio ekarpena ikerketa-proiektuari. Erronka, orain, lorpen horiek enpresen eguneroko jardunean txertatzea izango da, haien eskariz eta haiekin batera lanean neurrira egindako aplikazioen bitartez batik bat. Eta, noski, euskararentzat guztiz estratregikoa den eremuan lanean jarraitzeko aukera izatea.