Atez atekoa harrera ona izaten ari da

EGARRIZOIARTZUN.
Atez atekoa harrera ona izaten ari da

Oiartzungo Udal ordezkariak pozik daude herritarrak atez atekoaren bileretan izaten ari diren partehartzearekin. Jakinarazi digutenez,astelehenean bukatuko den batzarren 1. txandatik ekarpen asko jasotzen ari da Udala. Gabonetan bukatuko da eztabaidatze eta erabakitze prozesua eta ordura arte orain arteko bide beretik jarraitzea espero dute. Beren esanetan, «garrantzitsua da guztion artean oiartzuarron beharretara egokituko den atez ateko bilketa definitzea».

Udalak bere proposamena aurkeztu die herritarrei eta erabakiak hartzeko garaian oiartzuarren osasuna beste edozein irizpideren gainetik egongo dela azaldu dute.

Egungo hondakinen kudeaketa sistemak goia jo du eta irtenbidea eman behar zaio. Atez ateko bilketa da horrek guztiak sortzen dituen osasun, ingurumen, ekonomia eta lege arazoei irtenbide osoa eman liezaiokeen sistema bakarra. «Horregatik jo dugu atez ateko bilketa selektibora, sistema horrek bakarrik bermatzen duelako pertsonon eta ingurugiroaren osasuna». Atez ateko bilketa da zabortegi nahiz erraustegi toxikoak ekidin ditzakeen sistema bakarra. %80ko birziklatze tasa gainditzeko aukerak ematen ditu eta, beraz, ia ez da zaborrik sortzen.

Kontu ekonomikoak ere landu dira auzotar, merkatari eta ostalariekin egin diren bileretan. Atez atekoak ez du zertan egungo kudeaketa sistemak baino garestiagoa izan beharrik. Udal ordezkariek aitortu bezala, «egia da bilketa garestiagoa dela. Egun ez da etxez etxe biltzen eta, beraz, langile gutxiago behar dira lan bera egiteko. Baina badira kontuan izan behar diren beste faktore batzuk ere».

Alde batetik, gaur egungoa baino txikiagoa izango da hondakinen transferentzia eta tratamentu tasa, zabortegira botako den hondakin kopurua murriztu egingo baita. Bestalde, udalak diru-sarrerak izango ditu papera eta ontzi arinen salmentagatik.

Beraz, Udal ordezkariek aipatu bezala, «"atez atekoak gastuak mantendu edo murriztu egingo ditu. Egungo hondakinen kudeaketa sistemak eta errauskailua bezalako tratamendu finalistek, aldiz, zulo gero eta handiagoa sortuko digute».

Erantzuna OiartzunBai-ri

«Udalak atez ateko hondakinen bilketaren aldeko apustua egin du, hori baita oiartzuarron osasuna zaintzeko eta babesteko aukerarik onena. Ezin dugu ezer egin gabe geratu gure eta gure ondorengoen osasuna arriskuan jartzen duten zabortegi eta errauskailu toxikoen aurrean. Inork ez du eztabaidatzen ibaiak kutsa ditzakegun ala ez, edo amiantoa bezalako produktu toxikoak erabiltzen jarraitu behar ote dugun. Denok estimatzen dugu gure osasuna eta ez dugu pentsatu ere egiten arnasten dugun airea zikin egotea garbi edukitzea baino merkeagoa izan litekeela. Jaunok, eta zuek ere ados egongo zarete, ezin ditugu begiak itxi pertsonon osasunarentzat kaltegarriak diren proiektuen aurrean. Beraz, noiz galdetuko diozue herritarrei errauskailua nahi duten ala ez?».