Ahalbide programako langileek lorazaintza eta mantenu lanak egin dituzte

EGARRIZOIARTZUN.
Ahalbide programako langileak ageri dira, aste honetan bertan, Altzibarko Agerre-alde etxadiko hiri altzarien mantenu lanean. /EGARRIZ/
Ahalbide programako langileak ageri dira, aste honetan bertan, Altzibarko Agerre-alde etxadiko hiri altzarien mantenu lanean. /EGARRIZ

DV. Oiartzungo Udalak Ahalbide programaren baitan herrian egin diren lanen berri eman du. Ahalbide programan parte hartzen duten urritasun psikikoak dituzten langileek azken asteetan bidegorrian lorazaintza lanak egin dituzte, baita Altzibarko parke publikoetako altzarien mantenu lanak ere. Horrez gain, bestelako lanak ere egin dituzte azken hilabeteetan, guztiak lorazaintzarekin eta hiri altzarien mantenuarekin lotura dutenak: Arditurriko meategien sarreran lurra zabaldu dute belarra landatzeko; Pikoketan itxitura egin dute; bidegorri osoko belar txarrak kendu dituzte eta horien kontrako tratamentua aplikatu dute; Doneztebe plazako hiri altzariak margotu dituzte; Arraguako herri bideetako belar txarrak kendu eta txukunketa lanak egin dituzte... besteak beste.

Zortzi langilek eta bi monitorek parte hartzen dute Ahalbide programa honetan eta abendura arteko iraupena izango du. Ahalbide programaren funtsa urritasun psikikoak dituzten pertsonen lan munduratzea eta gizarteratzea sustatzea eta erraztea da.

Ahalbide programaren sustatzailea Oiartzungo Udala da eta Oarsoaldea Garapen Agentziak kudeatzen du. Martxotik abuztura, Udala izan da Gizarte sailetik programa hau finantzatu duena ere. Orain hiruhilabetean, INEM izango da finantzatzailea. Eusko Jaurlaritzak ere parte hartu du programa hau martxan jartzen, aurtengo martxoaren aurretik bera izan baitzen Ahalbide programa finantzatu zuena.