Mendiak hankak gelditu zizkion Antton Ibargureni

Antton Ibarguren omenez, igandean mendi ibilaldia izango da. 20 urte bete baitira Gasherbrum II mendian hil zela

LANDER MUÑAGORRI| ALTZAGA.
Ibarguren-Sarasola familia mendiko argazki batean./
Ibarguren-Sarasola familia mendiko argazki batean.

DV. Urteroko legez, pasa den astelehenean ere, Altzagako elizaren albo batean Antton Ibarguren zenaren omenezko eskultura lorez inguratu zen. Hogei urte bete baldin badira ere, herritarrak oraindik ez dira ahazten 1989ko uztailaren 13. egun beltz hark Gasherbrum II-tik ekarri zien berri lazgarriaz. Behin 8.035 metrotako menditzarraren gailurra egin ostean, erori eta «izar batean bihurtu zen» Antton Ibarguren, eskulturaren plakak dioen bezala.

Gertaera hura oroitzeko, eta Altzagako semearen omenez, igande honetan beste behin ere, mendi ibilaldi bat egingo da Baliarraingo Ibiur urtegiaren biran. Zita goizeko 8etan izango da Anttonen omenezko eskulturan, bertan lore eskaintza egiteko, eta handik kotxez Baliarrainera inguratzeko asmotan. Osteratxoaren ondoren lagunarteko bazkaria egingo da Artea elkartean.

Mendizale borrokatua

Abokatua ofizioz, Ibargurenek mendia zuen afizio nagusi. Mendi artean jaio zen Altzagan, Urruti Garai baserrian, eta Euskal Herriko gain asko eta asko geratu ziren bere oinen azpian. 1980ko uda arte ez zuen garailera altuko gailurrik egin, Peruko Andeetako Jatun Ausagate (6.332 metro) igo arte. Ordutik zortzi milako pausua eman arte, Indian izan zen 5.800 metrotara igo zen 1982an, eta Ameriketako sabai den Aconcaguara (6.962 metro) 1986an. Abentura eta kontraste bila bestalde, Saharako basamortua gurutzatu zuen hegoaldetik iparraldera 1983an, eta hurrengo urtean berriz ere Marokora itzuli zen bertako mendiko herriak bisitatzera.

Baina zortzi milako mendi bat egiteko ilusioa zuen altzagarrak, «bat igotzearekin nahikoa zuela zioen» zehazten du alargundu zen Amaia Sarasolak. 1989an, Anttonek 39 urte zituela, Karakorum-89 espedizioan abiatu zen Pakistan aldera Gregorio Ariz, Xabier Erro, Bili Ganuza, Javier Bermejo, Agustin Pagola eta Jose Migel Goñirekin batera. Gasherbrum II-ren tontorra egiteko asmoz joan ziren, eta baita lortu ere. Erro eta Goñirekin batera menderatu zuen Ibargurenek menditzarra, baina ez luzerako; izan ere, jaitsierako unean Anttonek irrist egin eta mendiaren babesean geratu baitzen betirako.

... eta langile fina

Ezagutzen zutenek, geldirik egoten ez zen pertsona bezala oroitzen dute Ibarguren. Langilea eta alaia zela berresten dute. Baserri giroan hazi eta hezia, bere abokatu ofizioa baserritarrei eta langileei laguntzeko bideratu zuen.

Besteen artean, EHNE nekazal sindikatuaren sorreran parte hartu zuen, eta baita Berdin sindikatuarenean ere. Euskararen alde lanean ere aritua, besteak beste Abokatu Eskolan euskararen komisioko parte zen, eta Zehatz euskarazko aldizkari soziologikoaren sorreran egon zen.

Herrizalea

Bertsozale eta bertsolaria ere bazen, nahiz eta kantuan plazan sekula ez aritu; gai-jartzaile lanak egin izan zituen ordea. Honek guztiak bere denbora bete ez, eta politikan ere muturra sartu zuen. Herri Batasuna alderdiaren ordezkaritzan, Diputatuen Kongresuan egon zen Telesforo Monzonek bere kargua utzi zuenean. 1981 urtean Juan Karlos I Espainiako Erregea Gernikako juntetxera joan zenean eta HB-ko hautetsiek Eusko Gudariak kantatu zienean ere, han zen Ibarguren. Eta arrazoi horregatik kartzelaratu egin zuten.

Saltsa guztietan sartuta zegoen, eta Altzagaren desanexioan ere presente egon zen. Udal izendapena posible izan zedin, egin beharreko tramiteak egin zituen, baina ezin izan zuen Altzaga herria izendatu zeneko ospakizunetan parte hartu, ordurako mendiak hankak gelditu baitzizkion. Horrenbeste maite zuen mendia izan baitzen Antton gelditu ahal izan zuen bakarra.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos