«Euskal nazio kultural modernoa sortzea zen Azkueren helburua»

Euskal kulturak izan duen protagonista gorenetakoari buruzko lanean, gutxien ezagutzen zaizkion alderdiak aztertu ditu batik bat Jurgi Kintanak

NEREA AZURMENDI
«Euskal nazio kultural modernoa sortzea zen Azkueren helburua»

Euskaltzaindiaren eskutik, haren sortzaile eta aurreneko buru izan zen Resurreccion Maria Azkueri (Lekeitio, 1964-Bilbo, 1951) buruzko lan mardula argitaratu du Jurgi Kintana Goiriena (Bilbo, 1975), historialari eta idazleak. Bederatzi urteko lana eskatu zion doktoretza-tesiaren zati nagusia da, Azkueren izate eta egite intelektualari dagokiona.

- Azkueren izena nonahi aurki daiteke Euskal Herrian. Ezagutzen al dugu ordea gaur egungo euskaldunok nor izan zen Resurreccion Maria Azkue eta zer ekarri zuen?

- Euskal kultura ezagutzen duenak gehiago edo gutxiago izango du haren berri, baina kontua da noraino ezagutzen den benetan egin zuen ekarpena. Hor badaude irudi batzuk parte batean egina direnak -hiztegi handi bat egin zuela, Euskaltzaindiko buru izan zela, folklore ikerketak egin zituela...- baina ahaztuta gelditu dira beste arlo asko, bere bizitza pertsonalari eta garaiko momentuari lotuta egon zirenak eta ez direnak orain arte liburu batean jaso.

- Azkueren lan eremua izugarri zabala da, ia denetarik egin baitzuen. Dedikazio horiek guztiak elkarren arteko loturarik gabekoak dira, edo proiektu orokor baten baitakoak?

- Proiektu bat zegoen Azkueren jarduera guztien atzean, eta proiektu hori zen euskara eta herri tradizioak hartu eta modernizatzea, bizimodu garaikiderako moldatzea; biziberritzea, azken batean. Horrek arlo asko zituen: euskara biziberritzeko sortu zituen euskarazko aldizkariak, hizkuntza estandarizatu bat; herri tradizioak biziberritzeko egokitu zituen ahozko tradiziotik hartutako kantu eta doinuak hirian jotzeko... Bere proiektu guztien funtsa izan zen herri tradiziotik abiatuz euskal nazio kultural modeno bat sortzea, eta horrek lotzen ditu jarduera eremu guztiak.

- Horren atzean badago ikuspegi politiko jakin bat, agian Azkuerengan gutxien ezagutzen den alorra.

- Azkuez dugun irudia bere azken garaietatik heredatu dugu. Gerra Zibilaren ostean eta frankismoaren lehen urteetan Bilbon bizi zen, eta Euskaltzaindia zuzentzen zuen. Beste hainbat apaiz euskaltzale erbestean zeuden bitartean, Azkue geratu egin zen, eta hortik eman zen irudia izan zen Azkue izango zela karlista, edo frankistekin txarto ez konpontzeko modukoa; pertsonaia jakintsua baina politikatik oso urrun zegoena. Irudi hori Azkuek berak ez zuen inoiz ukatu. Hain zuzen ere horri esker geratu ahal izan zen Euskal Herrian, baina Azkue, gaztetan, oso lotuta egon zen jarduera politikoarekin.

- Azkueren gaztaroa bat etorri zen nazionalismoaren sorrerarekin. Zein rol izan zuen abertzaletasunaren lehen urrats horietan?

- Hogei-hogeita hamar zituenean ezagutu zuen Azkuek Sabino Arana. Lehendik ere bazuen jarrera foruzale oso erradikalizatua, eta Arana ezagutu zuenean bat egin zuen ideologia abertzalearekin. Gertatzen dena da Azkue bera ez zela gizon oso alderdi zalea, ez zitzaizkion gustatzen hauteskunde kanpainak, kargu publikoak eta horrelakoak. Momentu batean, lagun batek eskutitz batean galdetzen dio ea zein den bere jarrera politikoa, eta Azkuek esaten dio abertzalea dela, baina ez dagoela alderdi kontuetan sartuta, ez zaiola hori interesaten.

- Sabino Aranarekin izan zuen harremana haatik ez zen beti gozoa izan.

- Ez, polemika handiak izan zituen jeltzaleekin eta Sabino Aranaren jarraitzaileekin hizkuntza eredua zela-eta, euskal kultura ulertzeko moduaren inguruan... Argi esaten zuen nazionalista zela, baina nahi zuena zen nazionalismo hori kulturaren arloan landu, gizarte modernoaren eraginez desagertzen ari zen herri kultura biziberrituz eta eguneratuz. Ez zen altxor hori baserrian godetzearen aldekoa, hirira eramatearen aldekoa baizik. Mota horretako proiektu asko garatu zituen Bilbon, alegia. Beretzat, politika hizkuntzari eta herri kulturari segida eta forma berria emateko tresna zen nagusiki, ez helburu bat. Esplizituki esaten du ez dagoela Euskal Herriaren independentziaren alde, gatazka oso tentsoak sortu ditzakeen bide ezinezko bat dela uste duelako. Autogobernu oso zabal baten alde zegoen Azkue, ahalbidetuko zuena hezkuntza sistema propio bat izatea, Akademia bat egotea erakunde ofizialen onarpen ofiziala izango zuena eta hizkuntza eredua batu bat finkatuko zuena...

- Azkueri buruz idatzi zenuen artikulu batean 'posibilista' hitza erabili zenuen haren jarrera definitzeko. Hori izan daiteke Azkueren ezaugarririk nabarmenena?

- Bai. Euskararen aldeko jarduerak bultzatzeko sektore guztiekin negoziatzen zuen. Eskura zituen eta eraginkorrak izan zitezkeen agente politiko eta sozial guztiekin tratuan ibiltzen zen. Posibilista zen ez zuelako bere proiektua alderdi politikaren bidez bideratu nahi, guztien artean baizik.

- Azkueren alderdi pertsonala ez duzu bereziki landu zure tesian. Hala ere, nolakoa zen zeregin horietan guztietan saiatu zen giz0na?

- Gizon guztiz apasionatua. Txomin Agirreri esan zion behin, eskutitz bateab, odol zurbilekoa zela, eta bera odol gorrikoa. Bat-batean ematen zion beroaldia eta buru-belarri jartzen zen hartara. Bere obran argi ikusten da hori. Garai batean oso emana zegoen musikari, eta pasatzen zitzaionean musikaren joera hori hiztegigintzan hasten zen, edo gramatika lanekin, edo folklorea biltzen. Bere lan egiteko moduak badu bere izaerarekin zerikusia, bai. Tenperamentu biziko pertsona zen.

- Bakarka dihartuten horietakoa, edota talde-lanaren aldekoa?

- Ez zen izan, beste batzuk bezala, eskola bat sortu eta dizipuluak izan zituen gizona, baina saiatzen zen elkarlana bilatzen beste ikertzaile batzuekin, orekak bilatzen beste pertsona batzuekin... Euskaltzaindiaren sorreran ere horrela jokatu zuen. Lan indibiduala egiten zuen alde batetik, baina elkarlana bilatzen duen, eta hori izan zen lortu zituen emaitzak lortzeko bideetako bat.

-Edonola ere, gezurra dirudi pertsona bakar batek horrenbesteko lana burutzea.

- Hori ulertzeko ere badaude pare bat klabe... Batetik, nahiz eta oso apasionatua izan, baita ere zen egunero lan egitekoa, eta horrek asko produzitzea ahalbidetzen du. Bestetik, apaiza izan arren ez zuen eduki parrokia propiorik, eta denbora asko zeukan bere lanetarako. Horri gehitzen badiogu 87 urte bizi izan zela, burua argi izan zuela hil baino pare bat urte lehenago arte, lanean egon zela ia azkenera arte, errazago uler daiteke egin zuen lan erraldoia.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos