«Errazago lehendakari beltza...»

Itzultzaile honek uste du Administrazioan, promoziorako, diskriminatuta daudela emakumeak

FELIX IBARGUTXI|
Begoña Muruaga./
Begoña Muruaga.

Itsaso ondoan jaio zen Begoña Muruaga, Bermeon, baina urte asko dira gasteiztartu zela. Hogeita hamabi urte egin ditu mugimendu feministan eta horietako hogei Maria de Maeztu Forum Feministan. Arabako Foru Aldundiko boletinaren itzultzaile jardun eta gero -«oso lan aspergarria izan zen»-, gaur egun kultur etxe batean ari da lanean. Orain urte batzuk Aldaketa plataformako kide egin zen.

- Berrikuntza Sarearen aurkezpen ekitaldian agertu zinen orain aste batzuk. Kostatu zitzaizun jendaurrean pauso hori ematea?

- Bai, apur bat. Ezagutzen nauen jendeak badaki zein den nire ideologia, baina ni ez naiz hauteskunde kanpainetan agertzearen zalea. Duela 30 urte gehiago interesatzen zitzaizkidan kanpainak, eta programak irakurtzen nituen. Orain nahiago dut kanpainak hurbildik ez jarraiztea, bestela abstenitu egingo nintzateke.

- Baina uste duzu Lakuako aginte-eserlekuan aldaketa behar dela.

- Arabako jendeak aspaldi ikusi ninduen ni alderdi sozialistako zerrenda batean, Batzar Nagusietako zerrendan, horko lagun ba-tzuek esan zidatelako Fernando Buesa hil zutenean arazoak izango zituztela zerrenda osatzeko. Araban jendeak ezagutzen nau, hemendik kanpo jendea igoal harrituko zen ni Aldaketa plataforman ikusita.

- Idatzia duzu euskalgintzako gauza batzuk ez zaizkizula gustatzen, adibidez euskararen patrimonializazioa.

- Kritika egin izan diot nazionalismoari, euskara patrimonializatu duelako, eta baita nazionalista ez diren alderdiei ere, utzi egin dietelako besteei. Eta beste gauza bat, aspertzen nauena: euskara nola erabiltzen den norberaren ideologia indartzeko. Ematen du euskararen alde bazaude euskararen inguruko ekimen guztiekin ados egon behar duzula. Eta ez da horrela.

- 1982an Euskararen Legean gertatu zen kontsentsu hura fatan bota izan omen duzu.

- Eta sarritan komentatu izan dugu lagunen artean gaur egun ez litzatekeela posible izango autonomia estatutuak bildu zuen kontsentsu hura berriro biltzea. Batez ere kezkatzen nau EAJ nola hurbildu den HBren planteamenduetara.

- Feminista moduan, esan Euskadin ikusi duzun ekimen eredugarriren bat.

- Batez ere Berdintasun Legea. 2005ean onartu zen eta aitzindaria izan zen. Baina kezkatuta nago legearen garapenarekin, ez baitut borondate politikorik ikusten. Eta zer esanik ez enpresarioen aldetik; ez dut esango hirugarren munduan gaudenik, baina ez dute zer ikusirik Europa iparraldeko enpresarioekin. Enpresario kaskarrak ditugu Euskal Herrian: ez dute gustuko ama izateko adina duen emakumea, edo etxean guraso zaharrak zaindu behar dituen emakumea.

- Noizko lehendakari emakumezkoa?

- Nik ez dut ikusiko. Errazago izango dugu lehendakari beltza.

- Nahi zenuke hau Finlandia izatea... edo Frantzia.

- Finlandian, emakume eta gizonen arteko berdintasuna askoz handiagoa da hemen baino. Eta Frantzia, berriz, oso gizarte dinamikoa iruditzen zait. Nik ezin dut ikusi, baina beti esaten didate hango telebista-eztabaidak maila altukoak direla. Gure gizartea, berriz, aspaldiko kontuetan dago errotua.

- Lan munduan kristalezko sabaia omen dute emakumeek. Eta sektore pribatuan nabarmenago publikoan baino.

- Ni administrazio publikoan nago eta hau ikusten dut: sarreran ez dago diskriminaziorik, baina promoziorako izugarrizko aldea dago emakume eta gizonen artean, eta informazioa askoz errazago dabil gizonen artean. Prestakuntza-ikastaroetan, adibidez, diskrimiazioa dago.

- Diotenez, emakumeek gehiago pairatuko dute krisi ekonomikoa.

- Zalantzan nago. Eraikuntzan eta autogintzan batez ere gizonak geldituko dira lanik gabe. Baina zeharka emakumeei eragiten die gehiago krisia. Zeren bueltatzen gara aspaldiko esaldi horretara: «Gizonezkook lanik ez badugu, zer egiten duzue emakumeok lan merkatuan?».

- Esan Jaurlaritzaren ekimenen bat gustatu ez zaizuna.

- Ez dakit Jaurlaritzaren ekimena den edo Ibarretxerena; kon-tsulta, alegia. Hori bat. Eta asko kezkatu naute Azkarragaren proposamen batzuek, adibidez familientzako laguntza horiek proposatu dituenean.