Intxurreko kadeteek 2-1 galdu dute asteburuko partida

AINHOA CALLEJA| ALEGIA.

DV. Futbolak, futbol ahalguztidunak ere ezin izan du zikloiaren eraginetatik ihes egin.

Alegiako Intxurreko eta Aralar-Intxurreko bost taldeek zituzten partidak pasa den asteburuan, baina haize bortitzen eraginez, bost horietatik lau bertan behera geratu ziren eta kadeteena izan zen jokaturiko neurketa bakarra.

Kopako hirugarren jardunaldia zuten jokoan Eneko Garmendiaren mutilek. Donostian jokatu zuten Internacional C.D. taldearen aurka, eta 2-1eko emaitzarekin nagusitu ziren donostiarrak.

Horrela, sailkapeneko seigarren postuan dira alegiarrak hiru punturekin, jokaturiko hiru partidetatik bat irabazi eta beste biak galduta.

Datorren asteburuan etxean jokatuko dute Donostiako Ekintza K.E. taldearen aurka; donostiarrak bigarren dira sailkapenean sei punturekin eta partida bat gutxiago jokatuta.