'Gau ilunekoak' idatzi du Joseba Sarrionaindiak, «biderkatzeko gaitasuna duen liburu bitxia»

Bere laburrean, irakurketa mota askotarako bidea ematen du dotore editatutako ipuinak

NEREA AZURMENDI| DONOSTIA.
Iturralde, Azkorbebeitia, Mendiguren eta Gurrutxaga. /MICHELENA/
Iturralde, Azkorbebeitia, Mendiguren eta Gurrutxaga. /MICHELENA

DV. Dagoen lekutik, barruan mezua daraman beste boteila bat bidali du Joseba Sarrionandiak (Iurreta, 1958): ipuina, «liburu aberatsa, berezia eta bitxia» Joxemari Iturralderen hitzetan, Elkar argitaletxeak dotore asko editatu duena. Bitxi bat izango balitz bezala.

«Egilerik ezean, testua dugu» esan zuen Xabier Mendiguren editoreak aurkezpenean, baina testuak ere izan zuen nork xehatu, Joxemari Iturralde idazleak eta Aitzpea Azkorbebeitia irakasleak -eta Sarrionaindiari buruzko tesi baten egilea- egin baitzuten horren eta irakurlearen arteko zubi lana. Liburuan presentzia oso garrantzitsua duten marrazkien egile Maite Gurrutxaga ilustratzaile amezketar gazteak osatu zuen laukoa.

Liburu iradokitzailea

liburu bilakatutako ipuin bat da, foliotan jarrita orrialde gehiegiren beharrik izango ez zuena. Kontaketa fantastikoa, argirik gabeko planeta batetik alde egin eta Baionako portuko almazenetan harrapatuta gelditu den izaki baten gorabeherei buruzkoa. «Kaxak atontzen beharrean nenbilela, bitxo arraro bat ikusi nuen, pikupasen antzeko begiak dituena», dio liburuan «inmigrante ilegala» aurkitu duen beharginak. Urrutiko planeta iluneko izakiaren historia da ipuina, kontakizun irudimentsu, garbi eta xumea, haurrek ere disfrutatuko dutena. Baina, Azkorbebeitiak azpimarratu bezala, «segituan sortzen da trasposizioa egiteko tentazioa. Beste klabe batzuetan ere irakur daiteke, eta idatzita dagoen moduan idatzita dagoelako sentitzen dugu tentazio hori». Sarrionandiaren azkenaldiko literaturaren ezaugarria da, Azkorbebeitiaren hitzetan, irakurketa askotarako bideak zabaltze hori, «esplizituki esaten duenaren eta esaten ez duenaren arteko jolasa». Eta, «liburu iradokitzaile honetan, esaten ez den hori da garrantzitsua, hor dago mamia».

Liburu asko egon daitezke, beraz, liburu bakarrean. Batetik, irakurleak, aukeratzen duen irakurketaren arabera, osatzen laguntzen duena. Bestetik, Iturraldek gogora ekarri zuenez, Sarrionandiak «irakurleari bidaltzen dizkion erreferentzia eta keinu literarioen bitartez» antzeman daitezkeenak: Printxe Txikia, Saramagoren itsutasunari buruzko saiakera, Sábatoren tunela, Beckett edota Kafkaren arrastoa...

Ispilu jokoa ere badela azpimarratu zuen Iturraldek, «kontatzen den guztia hemen ere» gerta daitekeelako. Irakurketa politikorako bidea ere eman dezake, noski, Sarrionaindia poeta eta Sarrionaindia ipuingilea uztartzen dituen testuak. Egilearen beste lan lirikoago batzuen aldean, baina bere ibilbidean erabat txertatua, honakoa «alegorikoa, sinbolikoa, filosofikoa...» da, «aberatsa, berezia eta bitxia». Berehala bukatzen dena baina, bukatu bezain pronto, berriro irakurtzeko gogoa ematen duena, «birgaitzeko gaitasuna» baitu. Iluna, pesimista eta, aldi berean, «umore finari» tokia egiten diona. Edizio izugarri zainduan kaleratua, testuarekin batera sortuak diruditen ilustrazioz hornitua. Behin eta berriz ukitu, begiratu eta irakurtzeko modukoa.

Fotos

Vídeos