Liburu itzulezina

Josu Zabaleta (Legazpi, 1948) ez du erraz izutuko itzulpen batek. Azken hogeita hamar urteotan era guztietakoei egin die aurre, literaturaren esparruan zein, eguneroko langintzan, beste zenbait alorretan. Gesualdo Bufalino (1920-1996) italiarraren itzultzea ezinezkoa dela esaten badu, horrela izango da, nahiz eta berak itzuli duen eta ezinezko itzulpen horrek Euskadi Saria eman dion. iaz argitaratu zuten Alberdania eta Elkar argitaletxeek Literatura Unibertsala bildumaren baitan. «Proiektu inposible» bati egin zion aurre hortaz Zabaletak 60 urte bete arte batere argitaratu gabeko Bufalinoren lana euskarara ekartzeko ardura bere gain hartu zuenean. Aurrez galdutzat eman zitekeen apustuari «egin ahal izan nuen itzulpen onena» eginez ekin zion. Frogatuz, bide batez, itzulpengintza ez dela uste bezain lan bakartia, horretan ere kide eta laguntza iturri izan baitzituen hainbat lankide. Zergatik den itzulezina eta zergatik «ezin daitekeen irakurri Bufalinok berak idatzi zuen bezala»? Bada, besteak beste, Bufalinok 1988an italieraz idatzi zuelako italiera existitzen ez zeneko garaietan girotutako istorioa, non erregeren kontrako talde bateko kide izateagatik heriotza-zigorra zain daukaten lau gizonek sententzia bete aurreko gaua solasari eta istorio kontaketari ematen dioten. Eta gauza bat da hizkuntzaren erabilera eta idazkera -euskarazko bertsioak bederen ulergarritasun arazo berezirik ez du alde horretatik- eta beste bat Bufalinok nola egituratu zuen nobela; itzultzailearen hitzetan, «ezustekoz betetako tipula handi bat». «Italiarrek beraiek ere ez dute harrapatzen Bufalinok proposatzen duen jokoa», azaldu zuen Jozu Zabaletak. Irakurketa bakar bat ez da nahikoa liburuaz jabetzeko, are gutxiago tipularen azal-geruzen azpian ezkutatzen direnak agerian uzteko eta gozatzeko. Kritikari batek eleberriak Bryan Singerren () filma gogora ekarri ziola esan zuen, gogoan gelditzen diren irakurketa horietako bat izan zela aitortuz. Askorako ematen duen liburua, erronka menderaezin menderatu eta saritua.