«Oraindik ere begiak irekitzen dizkigu Simone de Beauvoir-ek»

Begiak zabal-zabalik zituela eta libre korritu zuen XX. mendea filosofo eta idazle frantziarrak. XXI.ean ere argigarria izaten jarraitzen du haren begiradak

NEREA AZURMENDI
Euskarazko liburutegian nabarmena da de Beauvoir-en liburu ugarien falta. Bakar bat dago euskaratua. /FRAILE/
Euskarazko liburutegian nabarmena da de Beauvoir-en liburu ugarien falta. Bakar bat dago euskaratua. /FRAILE

Handikiro ospatu zen urte hasieran, batik bat Frantzian, 1908ko urtarrilean jaio eta 1986ko apirilean zendutako Simone de Beauvoir filosofo eta idazlearen ehunurrena. Gurean, Donostian egin den mintegi batek eta Arantxa Agirreurreta kazetari eta irakasle urretxuarrak Elkar argitaletxearen eskutik kaleratu duen biografiak ekarri digute egunotan gogora Jean-Paul Sartrerekin batera iragan mendeko bikoterik sortzaileenetarikoa osatu zuen emakume «izugarri argi eta sen biziko» haren bizitza eta ekarpenak.

- Liburua de Beauvoir-en bizitzaren ikuspegi zabal baten kontakizuna dela diozu. Bereiz daitezke haren bizitza eta obra?

- Simone de Beauvoir-en bizitza libre bizitzera ausartu zen emakume baten bizitza da eta, batez ere, bizitza horren kontakizuna, ikaragarri idatzi baitzuen. Nahiz eta ez izan oso gogoko berari eta Jean-Paul Sartreri besteek jarritako 'existentzialista' izenondoa, existentzialista zen, eta bere bizipenetatik idazten zuen. Esentzian ez gara ezer, existentzia gara, gertakizunak gara, eta gertakizun horien ardura geurea da, libre garelako... Eta libertade horretan bizitakoaren ondorio dira bere obrak, bizipen fikzionatu, memoria liburu, gutun edo saiakera moduan emanak.

- Bigarren izenondo bat beti du alboan de Beauvoir-ek: feminista. Feminismora ere bere bizipenek eraman zuten?

- Feminismora eraman zuen bilaketa ez zuen bere kabuz hasi, Sartrek bultzatuta baizik, hark proposatu baitzion emakume izateak berarengan zuen eragina azter zezan. Hasiera batean, Simonek ez zuen argi ikusten. Familia oso tradizional batean sortu eta 21 urterekin Frantziako filosofia irakaslee gazteenetakoa izandakoa, beti gizonezkoen munduan mugitu zen, intelektuak eta filosofo artean, eta ez zion aparteko baliorik ematen emakume izanagatik hor egoteari. Baina ikertzeari ekin zion eta ikusi zuen baietz, agian gizasemea izanda modu oso bestelakoan biziko eta pentsatuko zuela. Beretzat ustekabea izan zen hori deskubritzea, eta oso modu bitxian esaten du «berrogei urte dituzula, bat-batean begietan min egiten dizun eta ordura arte ikusi ere egiten ez zenuen munduaren alderdi bat aurkitzeak» eragin zion sorpresa. 1949an argitarautako idazten ari zela gertatu zitzazion hori, eta gero etorriko zen feminismoa. Ordura arte Simonek uste zuen klaseen arteko desberdintasuna gainditutakoan berez etorriko zela generoen arteko berdintasuna, baina laster konturatu zen ezetz, patriarkatuaren eta feminitatearen ideia hori kapitalismoa baino zaharragoa zela, klaseen arteko borrokak baino erro sakonagoak zituela. Orduan aurkitu zuen bere burua feministen artean eta orduan egin zen emakumeen aldeko borrokan militante.

- Idazleari berari bezala, beste askori ireki dizkio begiak liburu horrek.

- Argitaratu zenean sekulako zalaparta sortu zuen liburuak, Vatikanoak liburu debekatuen indizean jarri zuen eta lagun min askok ere ez zuten ulertu. Albert Camus berak esan zuen frantziar gizasemeak barregarri uzten zituela. Nire liburuaren sarreran Mariasun Landak idatzi du irakurri zuenean aurkitu zuela buruan bueltaka zebilzkion zenbait galderei erantzuna. Esentzian, galdera soil eta oinarrizko bati erantzuten dio: zer den emakumea izatea.

- Gaur egun askori, batez ere gazteenei, beharrezkoa ere ez zaie iruditzen galdera hori egitea.

- Gaur egun badago berdintasunaren zelofan moduko bat, berdintasuna errealitate bat dela dioen itxurazko barniz halako bat baina, barniz eta guzti, errealitatea hor dago, eta alderdi asko ditu: biolentzia, lanean jasaten den diskriminazioa, eskoletako gurasoen bileretara joatea eta han dauden ia denak emakumeak izatea... Liburu horretan jende askok aurki dezake oraindik begietan min egiten ez dion baina egon badagoen munduaren alderdi bat. Hemezortzi urteko neska askok ezagutu ere ez dute egingo gaur egun de Beauvoir-en lana, baina esate baterako irakurtzen badute seguru nago oihartzuna egingo diela barrenean.

- Bere lan guztietan, gainera, ahalegin handiak egin zituen Simone de Beauvoir-ek hartzaileengana iristeko...

- Bai Sartrek eta bai berak izan zuten lorpenik handienetakoa izan zen filosofia Olinpotik jaistea, eta literaturaren bidez jendearengana iristea. Lehenbizikotik azkeneraino, arrakasta handia izan zuten de Beauvoir-en liburuek, eta bera izan zen hain zuzen Sartreri bere idazlan filosofikoei eleberri eta istorio kutsua ematea gomendatu ziona. Elkarri ematen zioten idazten zuten guztia, batena bestearen galbahetik pasatzeko. XX. mendearen historia ia osoa lekuko eta protagonista bezala korritu zuen Simone de Beauvoir-en bizitza bi harik lotzen dute: bata da Sartrek inoiz edukitzeari utziko ez dion tokia eta bestea bere jatorrizko proiektuarekiko fideltasuna: ezagutu eta idatzi, eta idatzitakoa jendeari helarazi.

- Eta ez bakarrik emakumearen inguruko gaietan...

- Ez, berdin esan daiteke Estatu Batuetara edota Txinara egin zituen bidaien ondorioz idatzitako kroniketan azaltzen zuenaz. Oraindik ere oso interesgarriak dira lan haiek Estatu Batuak edo Txina ulertzeko. Eta berdin 1970ko saiakera hunkigarrian zahartzaroari buruz esaten dituenez... Gaurkotasun osoa dute Simone de Beauvoir-en ekarpenek.

- Eta ezin ditugu euskaraz irakurri.

- Ez, itzulita dagoen bakarra da, Literatura Unibertsala sailean. Hutsune handia dela iruditzen zait.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos