Urriko urrea

KARLOS LINAZASORO
Urriko urrea

U rriak beti piano bat ekartzen du aldean. Euria, pianoak, hostoen firfira urdinkara, melankolia baten usaina, begietako mina. Argia ilunpe bihurtzen da, kontrapasako uso, eta leku epelago bat du ments. Bizia gaur hasten da, eta gaur bukatzen, eta bitarte horretan bizi oso bat igarotzen da, isilik eta isilpean. Begietan daukagu itsatsia urria, begien iruntzian edo erpinik sakonenean, eta begiratu batera badirudi lozorro hilean gelditzen dela oro, geldi-tzen garela gu hego haizearen gardentasunari so, oinetan orbelak. Baina ezer ez da lozorrotzen alferrik, dena hiltzen da berpizkunderako, biziberritze alaiago baterako. Urriak begiak ernetzen ditu, begiradari kamutsa kentzen, eta pagoen gorria ez da galdu genuen odola, irabaziko dugun aberria baizik. Notak en-tzun behar dizkiogu, jotzen digun sinfonia, eta eskuak txoritzen bazaizkigu ez dugu horregatik larritu behar, utzi egin behar diegu hegan geure besoetaraino eta harago, hezurretatik aske or-tzimugara. Zeren urria esanekoa baita, ez da maltzurra, eta onerako behar du geure konpainia, geure musuen oihartzuna eta masusta, berak bakarrik ez dakielako nola izan urri eta atari, negumin eta lanbro, bizitzaren atsedenleku eta sendagai.