Laburmetraiak izango dira ikusgai gaur Kafe Torero kultur ekitaldian

Bost film eskainiko dira eta amaieran mahai ingurua zuzendariekin

Bertol Arrieta zuzendariaren laburmetrai bat ikusi ahalko da gaur Euskalduna tabernan. [FRAILE]/
Bertol Arrieta zuzendariaren laburmetrai bat ikusi ahalko da gaur Euskalduna tabernan. [FRAILE]

ZARAUTZ. DV. Gaur, osteguna, gaueko 21:30etatik aurrera, laburmetraiak izango dira ikusgai Euskalduna tabernan, Kafe Torero kultur ekitaldiaren baitan. Honela, zineari bere tartetxoa eskainiko zaio oraingo honetan.

Hasteko, Eskoriatzako Ikus-Entzunezkoen eta Komunikazioko Zientzien ikasleek egindako Hemen denok gaude gaizki laburmetraia emango da. Zenbait zarauztarrek hartu dute parte laburmetrai honetan, batez ere, aktore-lanetan.

Jarraian, beste zarauztar baten lehen lana erakutsiko da: Bertol Arrietak zuzendutako Itsaso urdin bertikala laburmetraia, hain zuzen ere. Arrieta ezaguna da idazle gisara (Txikira beti hordago! Erein 2004), baina zine munduan ere murgilduta dabil aspaldian. Gero, Pello Varelaren Aitona Martin eta biok ikusteko aukera izango dugu, Bernardo Atxagaren Sugeak txoriari begiratzen dionean ipuinean oinarritutakoa. Ipuin honek Lizardi Saria irabazi zuen 1983. urtean.

Ondoren, Asier Urbietaren Musika laburmetraia emango da, iaz Galizian saritutako lana.

Azkenik, Koldo Almandozen Midori laburmetraia eskainiko zaigu. Nazioartean hainbat sari jaso dituen zuzendari donostiarrak, oraingoan, marrazki-bizidunak eta irudi errealak nahastuz osatutako harribitxia erakutsiko digu.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos