Euskaltzaindiak Leizarragaren Biblia erosi du, 27.000 euro ordainduta

'Testamentu Berria' 57 koa da, Etxepareren liburuaren aldean 26 urte berriagoa

Xxx. [FIRMA]/
Xxx. [FIRMA]

DONOSTIA. DV. Euskaltzaindiak Leizarragaren Testamentu Berria erosi du. Akademiak 20.500 ingeles libera (27.000 euro) ordaindu ditu Leizarragaren Bibliako Itun Berriagatik. Jakina denez, hauxe da testu klasiko horren euskarazko lehen bertsioa eta 1571n argitaratu zen. Euskarazko bigarren liburua da, eta lehenengoa, Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, 26 urte lehenago, 1545ean eman zen argitara.

Azaroaren 28an, Sotheby's enkante etxe famatuak Leizarragaren Testamentu Berria salgai jarri zuen, baina liburua eroslerik gabe geratu. Horren ondorioz, Akademia Londreseko enkante etxearekin jarri zen harremanetan akordio bat lortze aldera. Azkenean, erosketa gauzatu da.

«Euskal testu klasiko guztiek beti izan dute berariazko interesa Euskaltzaindiarentzat eta ahal izan duen guztietan, ahaleginak egin izan ditu eta egiten ditu euskal testu klasikoen liburu esanguratsuak bereganatzeko», adierazi du Akademiak.

Zenbat ale ote daude Jesus Krist gure Jaunaren Testamentu Berria-renak? Euskaltzaindiko Azkue Liburutegiko arduradunak, Pruden Gartziak, uste du ale hau ezagutzen den hamabigarrena dela: «Ez da erraz jakiten. Gai honetan egon den aditu nagusiak, Julien Vinsonek, 26 aleren berri zeukan 1907an, hots, orain dela ehun urte, baina arreta bereziz ohartarazten digu beran azken urteotan ikusi edo ezagututako ale horietatik ordurako bi desagertuak zirela, eta beldur zela beste hainbat ere bide beretik ez ote ziren joango, alegia, bilduma pribatuetan ezkutatuko. Gaur egun, erosketa honen harira egindako bilaketa arin batean, hamaika ale baino ez ditugu aurkitu ahal izan, horietatik zortzi biblioteka publikoetan eta beste hiru bilduma pribatuetan. Euskaltzaindiak erosi duena, beraz, ezagutzen dugun hamabigarrena litzateke».

Joanes Leizarraga 1506an jaio zen Beskoitzen (Lapurdi) eta Bastidan (Nafarroa Beherea) hil 1601ean. Ez dago datu askorik bere bizitzaz, baina ikerlariek dakitena da apaiz katolikoa zela eta, ondoren, Erreformari atxiki zitzaiola eta artzain protestante bihurtu. Joana III.a Albretekoa Nafarroako erreginaren aginduei segituz, Bearnoko protestanteen sinodoak Itun Berria eta beste hainbat testu erlijioso protestante euskaratzeko eskatu zion, lan hori egiteko zenbait laguntzaile izan zituelarik.

Egitasmo horren baitan hiru liburu argitaratu ziren guztira, hiruak Arroxelan, 1571n: lehena Jesus Krist gure Jaunaren Testamentu Berria, bigarrena Kalendrera eta hirugarrena ABC edo Kristinoen instrukzionea. Horietatik garrantzitsuena lehena da. Bertan, Itun Berriaz gain, beste zenbait testu erlijioso ere biltzen dira. Hori da, hain zuzen ere, Euskaltzaindiak erosi duen liburua.

Liburu hori euskaraz argitaratutako bigarren liburua da. «Garrantzi berezia du hainbat alderditatik begiratuta, baina agian nabarmendu beharrekoa da euskara batu eta goi mailako bat egiteko lehen saioa izan zela», dio Euskaltzaindiaren oharrak.

1990ean, Euskaltzaindiak argitaratu zuen Hugo Schuchardt hizkuntzalari alemaniarrak paratutako Leizarragaren Testamentu Berriaren edizio kritikoa. Liburu hori 1900ean argitaratu zuen Schuchardtek, Theodor Linschmannen laguntzaz, eta ondoko izenburuarekin kaleratu zen: I. Leiçarragas Baskische Bücher von 1571 (Neues Testament, Kalender un Abc) heraugegeben von Th. Linschmann und H. Schuchardt.

Nafarroako Kutxa

1995ean, obra honen beste ale bat erosi zuen Nafarroako Kutxak, askoz gehiago ordainduta, guztira 33 milioi pezeta.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos