Euskaltzain oso izendatu dituzte Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra

29. eta 30. zenbaki-hutsarteak beteko dituzte hurrenez hurren, bozen gehiengo osoa lortu ondoren Bi euskaltzain oso falta dira gehienezko kopurua betetzeko

N. A.
Euskaltzain oso izendatu dituzte Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra

DONOSTIA. DV. Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra euskaltzain oso izendatu zituen atzo Euskaltzaindiak Bilboko egoitzan egindako bilkuran. Urriaren 26an proposatu zituzten Torrealdai eta Oñederra urgazleak euskaltzain oso izateko. Jose Antonio Arana Martixa, Miren Azkarate eta Andres Urrutia euskaltzain osoek proposatu zuten Joan Mari Torrealdairen kandidatura; Oñederrarena, berriz, Henrike Knörr, Xabier Kintana eta Pello Salaburuk sustatu zuten. Atzoko bilkuran bozen gehiengo osoa lortu ondoren, Torrealdaik 29. zenbaki-hutsartzea beteko du, eta Oñederrak 30.a.

Iaz Euskaltzaindiak Estatutuak aldatu zituenetik, apurka-apurka areagotzen joan da euskaltzainen kopurua. Aldaketaren aurretik 24 kidek osatzen zuten Osoko Bilkura, eta euskaltzain oso baten heriotza zen erakundea berritzeko ohiko bidea. Aldaketak, besteak beste, euskaltzain emerituaren figura sortzea ekarri zuen, eta euskaltzainen kopurua 32raino zabaldu ahal izatea. 24tik gorako kopuruari zegokion lehen aulkirako -25.erako alegia- Andoni Sagarna hautatu zuten iazko abenduan. 26.erako Aurelia Arkotxa izan zen izendatua, eta 27. eta 28. zenbaki-hutsarteak betetzeko Sagrario Aleman eta Joseba Lakarra izan ziren hautatuak ekainean. Atzoko bi izendapenekin 30 kide izatera heldu da Akademia. Hartara, bi euskaltzain oso gehiagorekin osatuta geldituko da Euskaltzaindia.

Ibilbide luzekoak

Bi euskaltzain berriek aspaldiko lotura dute Euskaltzaindiarekin. Joan Mari Torrealdai 1975ean izendatu zuten urgazle eta, Akademiaren enkarguz, euskal idazleen eta euskarazko ekoizpen idatziaren azterketa egin zuen. Hain zuzen ere, bibliografiaren alorra landu du, beste askoren artean, euskaltzain berriak. Euskal liburugintzaren azterketa sistematikoa egin du, eta 30 urtez Jakin aldizkarian eman du lan horren berri urtero. Euskal idazleak gaur, Euskal kultura gaur. Liburuaren mundua eta oraintsu argitara eman duen Hogeita hamar urte liburugintzan liburuetan sakondu du gaia. Horiekin batera, Euskararen zapalkuntza, El libro negro del euskara edota La censura de Franco y los escritores vascos del 98 liburuak eman ditu argitara, beste askoren artean.

Bestelako erantzukizunei ere ez ez die muzin egin. Irakasle izan da Euskal Herriko Unibertsitatean zein Deustukoan, baita Euskal Idazleen Elkarteko eta Soziologoen Euskal Elkarteko idazkari ere. Euskaldunon Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko kide izan zen hasietarik, eta Lehendakari 2000tik 2003ra.

Lourdes Oñederra, berriz, Euskaltzaindiko Ahoskera batzordeko kide izan zen batzordeak iraun zuen bitartean. Hizkuntzalaritzaren inguruko hainbat elkartetako kide izateaz gain, komunikazio eta ponentzia ugari ditu eginak eta biltzar askotan hartu du parte, hizlari eta aditu bezala.

Lan zientifikoak hainbat hedabidetan eman ditu argitara, eta horrez gain zutabegile eta kolaboratzaile izan da Ere, Oh Euzkadi, Hika eta Argia aldizkarietan eta Euskaldunon Egunkaria-n.

Hori guztia literaturgintzarekin uztartu du Oñederrak. 1999an Eta emakumeari esan zion sugeak argitaratu zuen. Espainiako Sari Nazionalerako finalista izan zen liburua, eta sari ugari jaso zituen Euskal Herrian, besteak beste 2000. urteko Euskadi Saria eta Euskadi Saria. Gaztelaniara eta ingelesa itzulita dago nobela, eta berritan bera ere aritu da itzultzaile, Patrick Süskind alemaniarraren Sommer jaunaren istorioa euskaratu baitu.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos