«Haitzetara joan eta disfrutatu nahi dut. Hor ez dut presioa sentitzen»

16 urte besterik ez ditu eta dagoeneko hainbat txapelketa irabazi ditu eskalada munduan. Azkena orain aste batzuk, 18 urtetik beherakoen Espainiako Kopa

J.L. ROMATET
Hormetan gora ibiltzea du gogoko Josebe Zarautz eskalatzaile gazteak. [IRIBARREN]/
Hormetan gora ibiltzea du gogoko Josebe Zarautz eskalatzaile gazteak. [IRIBARREN]

13 urte zituela hasi zen Josebe Zarautz eskalada munduan eta dagoeneko hainbat txapelketa irabazi ditu, horien artean, Espainiako txapelketak eta kopak. Lasai agera da ia denboraldia amaitu baita: «Asteburu honetan Euskal Herriko txapelketan hartuko dut parte. Joateko asmorik ez nuen hasieran, baina giro polita bizi izaten denez, animatu egin naiz. eta behin han egonda, irabazten badut, hobeto». Aurretik hizketaldi bat izan dugu eta hirol honetan izan zituen hastapenetaz eta etorkizunaz aritu gara.

- Noiz eta hasi zinen eskalada munduan?

- 13 urte nituela, eskolatik eskaladako ikastaro bat egitera joan ginen Lubaki kiroldegian dagoen rokodromora. Probatu nuen, asko gustatu zitzaidan eta uda horretan bi asteko ikastaro bat egitea erabaki nuen. Irakasle batek eskalatzaile ona nintzela esan zidan eta Donostiako Pio Baroja zentroan ematen zen ikastaro batera joatea gomendatu zidan. Gaitasunak nituela esan zidaten han. Talde batean sartzeko gonbitea luzatu zidaten eta Fortuna elkartean sartu nintzen. Han entrenatzen hasi nintzen eta haren ondoren etorri zen guztia. Fortuna utzita, orain Zumaiako lokalean nabil entrenatzen.

- Nondik datorkizu zaletasun hori?

- Txiki txikitatik indarra nuen besoetan. Eskaladan hasi nintzenean denek galdetzen zidaten ea nolatan nuen nik indar hori. Haur txiki bat nintzenean Amaia plazan zegoen zuhaitz batera igotzen nintzen. Agian hortik datorkit.

- Eskaladan hasi behar zenuela esan zenuenean, zer esan zuten gurasoek eta lagunek?

- Harritu egin ziren, nik ez nuen-eta eskalatzailerik ezagutzen. Familian ere ez dut halako zaletasunik duen inor. Arriskutsua izan zitekeela-eta, gurasoak ez ziren oso aldekoak. Orain ohitu dira eta onartu dute. Proba bat hasi aurretik sokak eta tresna denak aztertzen ditut segurtasuna bermatzeko. Eskaladan ezin duzu huts bat bera ere egin; huts egiten baduzu erori egiten zara.

- Zer behar da eskalatzaile on bat izateko?

- Indarra eta teknika beharrezkoak dira, baina nire ustetan garrantzitsuena burua da. Beharrezkoa da burua mentalizatua izatea; esaten baduzu 'hau igotzea ez dut lortuko', behera zoaz. Pa-txi Usobiagak dio gorputzeko muskulu garrantzitsuena burua dela.

- Taldean sartu eta denbora gutxira hasi zinen emaitza onak lortzen.

- Bai. Hasi eta denbora gutxira, hilabetera edo, txapelketa bat zegoela eta gogor jarri ninduten entrenatzen. Ni probak egitera joan nintzen Espainiako txapelketara eta han bigarren postuan sailkatu nintzen. Hurrengo urtean indartsuago jarri nintzen eta handik aurrera probak irabazten hasi nintzen.

- Zenbat orduz entrenatzen duzu?

- Orain gutxi txapelketa nuela eta, uda osoa entrenatzen aritu naiz. Espainiako selekzioko kide Pedro Ponsek entrenatzeko egutegi an-tzerako bat eman zidan. Entrenatzailerik ez izatean, nik erabakitzen nuen nola jarraitu eta zenbat denbora dedikatu egunean. Uste dut horretan asko laguntzen duela entrenatzaile bat izateak, beti ere aholkuak ematen baititu. Oraintxe bertan, txapelketaren ondoren, nahiko saturatuta aurkitzen naiz eta gutxitan joaten naiz entrenatzera. Oso gogorra egiten da eta ia denborarik ez da izaten lagunekin egoteko.

- Azken garaipena orain aste batzuk lortu zenuen, Espainiako Kopan. Nola joan zen txapelketa?

- Hiru probatan banatzen da eta azkena Madrilgo Ifema erakustazokan egin zen. Lehenengo proban irabazi egin nuen eta bigarrengoan hirugarren geratu nintzen. Sailkapen orokorrean lehena banindoan ere, tentsio asko zegoen, nahiko berdinduta geunden eta. Azken proba irabazi nuenean, lasaitasun ederra hartu nuen.

- Hiru urte hauetan hainbat proba irabazi ondoren, sorpresa ez da izan azken txapelketa hau bereganatzea, ezta?

- Sorpresa niretzat lehenengo proban hain emaitza ona lortzea izan zen. Gerokoekin ez dut sentsazio hori izan. Hala ere, jendeak uste du derrigorrez irabazi behar dudala, eta horrek presio asko sartzen dit. Lehen proba hartan askoz ere lasaiago joan nintzen, azkena geratzen banintzen ere, probatzera bainindoan. Orain esaten didate irabazi egin behar dudala eta bigarren geratzen banaiz, jada porrot bezala ikusten da. Modu honetan ez dut eskaladarekin disfrutatzen.

- Urte hauetan hainbat txapelketa irabaztearekin ez al duzu presioa sumatu?

- Handia. Kontuan hartu behar da ni ez nintzela inoiz eskaladan ibili eta txapelketak irabazten hasi nintzenean are gehiago presionatu zidaten taldetik. 'Irabazi behar duzu', 'beste horri irabazi behar diozu' eta antzerakoak esaten zizkidaten. Orain konturatu naiz beste neska horri ez diodala irabazi nahi; nire buruarekin gustura egon nahi dut. Adibidez, haitzetara joaten naizenean nire buruari jartzen dizkiot erronkak: 'bide hori egin dezaket' edo 'horra heldu naiteke'. Nire burua gainditu nahi dut, ez beste pertsona bat. Hori izan zen Fortuna uztearen arrazoi bat. Orain nire kasa nabil entrenatzen Zumaiako lokalean.

- Zein dira zure asmoak etorkizunera begira?

- Oraintxe bertan ez zaizkit txapelketak gustatzen eta une honetan txapelketatan parte hartzeari utziko diodala uste dut. Oraindik gaztea naiz eta hala nahi badut, inoiz beharra sentitzen badut, etorkizunean itzultzeko aukera izango dut. Orain bertan haitzetara joan eta disfrutatu nahi dut eskaladarekin. Hor ez dut presio hori sentitzen.

Ikasketen garrantzia

- Ikasketak eta eskalada bateragarriak al dira?

- Une honetan batxilergoko 1. mailan nago. Orain gutxi amaitu ditut azterketak. Denbora honetan ia ez dut entrenatu, ez baitira bateragarriak. Espainiako zenbait eskalatzaile ezagutu ditut eta entrenatu besterik ez dute egiten; ez dira eskolara joaten eta lanik ere ez dute egiten. Profesionalki horretara dedikatu nahi badute, ondo dago, baina ez da niretzako bidea. Lesio bat izanda, lanik edo eskolarik gabe, zer egin behar duzu? Niretzako lehen gauza ikasketak dira.

- Unibertsitatean zer karrera ikasi behar duzun erabaki al duzu?

- Oraindik ez. SHEE-IVEF edo irakasle eskola gustatzen zaizkit. Amaren bidetik jarraituta, kazetaritza ere gustukoa dut. Orain bertan nota altua atera nahi dut, gero nahi dudana aukeratzeko eta irtenbide bat izateko.